v.2. Aditz-izena + inesiboa helburua adierazteko: egiten joan (v egitera joan)
Egilea: Jürgen Etxeberria
Nola aipatu: Etxeberria, Jürgen. (2022). Aditz-izena + inesiboa helburua adierazteko: egiten joan (v egitera joan). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=5&e=49&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Eredu orokorra: Euskaraz, espazio aldaketa baten Helburua adierazteko erabili ohi den adposizioa adlatiboa (-ra) da. Espazio aldaketak adierazterakoan, mugimenduzko aditzak1 erabili ohi dira. Mugimenduzko aditzen osagarri direnean, aditz-izenak adlatiboaz markatu ohi dira Euskal Herriko erdialdeko eta ekialdeko hizkera gehienetan (konpontze-ra; eramate-ra, eta abar).

(1) Zapata konpontzera joan da
zapata.ABS konpon.NMLZ.ALL joan.PTCP (3ABS).izan

Hizkera eredua: Mendebaleko aldaeretan, aditz-izena adlatiboaz markatu beharrean inesiboaz (-n) markatu ohi da mugimenduzko aditzen osagarri direnean (konpontze-n; eroate-n, eta abar).

(2) Zapata konpontzen joan da
zapata.ABS konpon.NMLZ.INE joan.PTCP (3ABS).izan

Azpi-hizkera eredua: Mendebaleko erdialdean eta sartaldean, badira osagarritzat aditz-izen inesiboak dituzten mugimenduzko aditzak (erosten joan vs. erosten urten, igon) modu bereizian jokatzen dituzten zenbait hizkera. Hizkera hauetan, modu iragangaitzean (NOR) jokatzen dira osagarritzat aditz-izenak dituzten mugimenduzko aditz gehienak: joan, etorri, eta abar. Salbuespena dira urten (‘irten’) eta igon (‘igo’) aditzak, izan ere, aditzok NOR-NORK erara jokatzen dira osagarritzat aditz-izen bat dutenean.

(3a) Ogie erosten joan da
ogi.ABS eros.NMLZ.INE joan.PTCP (3ABS).izan
(3b) Ogie erosten urten dau
ogi.ABS eros.NMLZ.INE urten.PTCP edun.3SG.ERG

Oharrrak:

 1 Mugimenduzko aditz hauen artean, badira ‘Helburu orientazioa’ duten aditzak, esate baterako, jaurti eta bidali (‘nora jaurti’, ‘nora bidali’); eta bestetik, ‘Iturburu orientazioa’ duten aditzak, jaso eta ekarri bezalakoak (‘nondik jaso’, ‘nondik ekarri’).

Banaketa dialektala

Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:

Eredu orokorra (aditz izena + adlatiboa helburua adierazteko): Mendebaleko hizkerez bestelako Euskal Herriko hizkera guztietan erabiltzen da eredu hau, hizkera hauetan, mugimenduzko aditzen osagarri diren aditz-izenak adlatiboz markatzen dira (Zuazo 2014: 173).

Hizkera eredua (aditz izena + inesiboa helburua adierazteko): Mendebal gehienean (Bizkaian, Aramaion eta Debagoienako eremu batzuetan) aditz-izena inesiboaz adierazten da mugimenduzko aditzen osagarri denean (Gaminde 1989: 136; Zuazo 2014: 173).

Azpi-hizkera eredua (osagarria inesibozko aditz-izena bada, urten eta igon iragankorrak): eredu hau jarraitzen dute mendebaleko erdialdeko (Busturialdea) eta sartaldeko (Mungialdea, Txorierri, Uribe Kosta, eta abar) hizkerek. Hizkera hauetan osagarritzat inesibozko aditz-izen bat dutenean urten eta igon aditzek inergatibo gisa jokatzen dute (Zuazo 2014: 173).

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan, datu-basean emandako erantzunak jaso eta erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, honela, hizkera ereduren baten hedadurak aldaketarik izan duen egiaztatzeko.

Hizkera eredua (aditz izena + inesiboa helburua adierazteko): Mendebaleko berriemaile gehienek adierazi dutenez helburua aditz izena + inesiboa forman adierazten dute. Aurreikusi bezala, hau erantzun dute Aramaioko eta Bizkaiko hizkeretako (Arratiako, Lekeitioko, Gernikako, Mungiako, Loiuko eta Getxoko) hiztunek. Debagoienako (Bergarako) berriemaileak ez du eredu hau aipatu, eta honetan, Debabarrenako Elgoibarrekin, eta eredu orokorrarekin, lerratzen da.

Azpi-hizkera eredua: Datu-basean ez da oposaketa honen hedaduraz galdetu.

Eztabaida teorikoa

Esandakoa laburtuz, euskaraz mugimenduzko aditzen osagarri diren aditz-izenak adlatiboaz (-ra) eman ohi dira Euskal Herriko eremu zabalenean. Hala ere, mendebaleko hizkeretan aditz-izena adlatiboaz markatu beharrean inesiboaz (-n) markatu ohi da mugimenduzko aditzen osagarri direnean. Datu-baseko erantzunen arabera, Bizkaian eta Aramaion hedatzen da eredu hau, ez ordea, Debagoienan.

Gainera, eremu honetako hizkera batzuetan, urten eta igo aditzek inergatibo gisa jokatzen dute osagarritzat aditz-izen bat dutenean. Azpi-hizkera honek eredu murritzagoa duela jakin arren, datubasean ez da honen inguruko informazioa jaso, eta hortaz, ez dago argi aditz bakoitzak inergatibo gisa duen hedadura.

Aipamenak

Gaminde, Iñaki. 1989. Foruko euskararen morfosintaxiaz. Forua: Foruko Udala.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.