vi.5. Perifrasi progresiboak: ibili, egon  jardun, erauntsi (v ari izan)
Deskribapena

Erdialdeko eta ekialdeko hizkeretan, ari izan erabiltzen da progresiboa adierazteko (Hualde 2016).

(1) Karate ikasten ari da
karate.ABS ikas.IPFV PROG (3ABS).izan

Mendebaleko hizkeretan, ordea, ez da ari izan erabiltzen eta bere ordez egon (2a) eta ibili (2b) erabiltzen dira (Ortiz de Urbina 2003a: 290; Zuazo 2013: 49; Hualde 2016):

(2a) Karate ikasten dago (Zuazo 2008: 77)
karate.ABS ikas.IPFV (3ABS).egon
(2a) Karate ikasten dabil (Zuazo 2008: 77)
karate.ABS ikas.IPFV (3ABS).ibil

Beste hizkera batzuetan jardun ere aurki daiteke ari izan-en ordez (Ortiz de Urbina 2003a: 290; Zuazo 2013: 49, 2018: 904):

(3) Karate ikasten dihardu (Zuazo 2008: 77)
karate.ABS ikas.IPFV 3ABS.jardun

Azkenik, ekialdeko hizkera batzuetan erauntsi (>iduntsi) erabiltzen da ari izan-ekin batera.

(4a) Labuantzan iduntsi dit eretretala artino
‘Nekazaritzan aritu naiz jubilazioa arte’ (Zuazo 2013: 31, ikus halaber 2008: 54)
(4b) Iduntsi diat bazter xahatzen
‘Aritu nauk bazter garbitzen.’ (Zuazo 2013: 31, ikus halaber 2008: 54)
Banaketa dialektala

Egon (2a) edota ibili (2b) mendebaleko euskalkian aurki daitezke progresiboa adierazteko, euskalki honetan erabiltzen ez den ari izan-en ordez (Zuazo 2008: 77, 2013: 49; Hualde 2016). Aldiz, Ortiz de Urbinak (2003a: 291) egon Bizkaiara mugatzen dela eta, honen aldean, ibili aditza mendebaleko hizkera gehiagotan aurki daitekeela dio.1

Bestalde, jardun-en adizki trinkoak (3) mendebaleko euskalkiaren sortaldeko hizkeretan erabiltzen dira, bereziki Deba ibarrean (Zuazo 2006: 83). Esate baterako, Eibarko euskaran aditz honen bidez adierazten da progresiboa (Etxebarria 1998; Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitia 2005). Zuazoren (2008: 77, 2013: 49, 2018: 904) esanetan, Deba ibarreko iparraldeko muturrean erabiltzen da gehienbat.

Amaitzeko, azken hizkera eredua (4) zubereraz erabiltzen da Zuazoren (2008: 54; 2013: 31) arabera.

Oharrak: 

1 Ortiz de Urbinak (2003a: 293) joan ere aipatzen du mendebaleko hizkeretan progresiboa sortzeko aditzen artean.

Datu-basearen emaitzak

Hasteko, egon (2a) mendebaleko euskalkian jaso da, baita erdialdeko hizkera gehienetan ere, Beizaman eta Irunen izan ezik. Horrez gain, Nafarroako Baztan bailaran ere lekukotu da, ez ordea nafarreraren gainerako hizkeretan, ezta Ipar Euskal Herrian ere. Beraz, goian aipatutako banaketa dialektala baino eremu handiagoa hartzen duela dirudi, Bizkaiatik eta mendebaleko euskaratik haragoko hizkeretan ere aurki baitaiteke.

Orobat, ibili mendebaleko euskalkiaz gain erdialdekoan eta Baztanen ere lekukotu da. Hala ere, erdialdeko euskalkian egon aditzaren banaketa desberdina du. Batetik, ibili Beizaman eta Irunen lekukotu da, hizkera hauetan egon ageri ez den arren. Aldiz, ibili ez da jaso Itsasondon, Azpeitian eta Hernanin. Azkenik, aditz hau ez da Nafarroan (Baztango euskaraz gain) eta Ipar Euskal Herrian ageri, espero bezala.

Zuazok (2008, 2013) adierazi duen moduan, jardun (3) mendebaleko sortaldeko hizkeretan lekukotzen da, Deba ibarrean bereziki: Mallabian, Aramaion,2 Bergaran eta Elgoibarren jaso da datu-basean. Hain zuzen ere, Bergarako hizkeran bizi-bizirik bide da jardun aditza (Badihardugu Euskara Elkartia 2006: 4). Elgoibarren ere jardun aditzaren trinkoak ohikoak dira, orainaldikoak bereziki. Hala ere, Elgoibarren ari izan ere entzun daitekeela dio Makazagak (2009: 150), nahiz eta ez jardun-en adizkiak bezainbeste. Izan ere, badirudi ari izan zabalduz doala, Debabarrenean batez ere (Zuazo 2006: 83).

Horrez gain, (3)-ko hizkera eredua erdialdeko euskararen sartaldean jaso da, Beizaman eta Azpeitian zehazki. Azkenik, banaketa dialektalaren arabera espero dena baino ekialderago, erdialdeko euskalkiaren ipar-ekialdean, Errenteriako euskaran lekukotu da.

Amaitzeko, iduntsi (4) ekialdean ageri da, espero bezala: Oragarren (nafar-lapurtera) eta Urdiñarben (zuberera) zehazki.

Oharrak: 

2 Zuazok (2006: 83) adierazten duenaren arabera, Aramaion ez dago jardun-en trinkorik. Horren ordez, *erauntsi erroko adizkiak erabiltzen dira esanahi berarekin, nahiz eta galduz doazen.

Aipamenak

Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartea. 2006. Deba Ibarreko aditz taulak (3). Bergara, Debaerdikoa. Eibar: Badihardugu.

Demirdache, Hamida and Myriam Uribe-Etxebarria. 2000. «The Primitives of Temporal Relations». In R. Martin, D. Michaels and J.Uriagereka (eds.), Step by step. Essays on Minimalist syntax in honor of Howard Lasnik. Cambridge, MA: the MIT Press. 157-186.

Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina. 1987. «Restructuring with ARI». ASJU International Journal of Basque Philology, XXI-2, 425-452.

Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.

Laka, Itziar. 2004. «Ari progresiboaz: euskararen kasu markak». In Pablo Albizu and Beatriz Fernández (eds.), Euskal Gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak, azterbide berriak. Bilbao: UPV/EHU. 113-132.

Laka, Itziar. 2006. «Deriving Split Ergativity in the Progressive: the Case of Basque». In Alana Johns, Diane Massam and Juvénal Ndayiragije (eds.), Ergativity: Emerging Issues. Dordrecht/Berlin: Springer. 173-195.

Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.

Ortiz de Urbina, Jon. 2003a. «Periphrastic constructions». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin / New York: Mouton De Gruyter. 284-299.

Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.

Zuazo, Koldo. 2006. Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Badihardugu Euskara Elkartea.

Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.

Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.

Zuazo, Koldo. 2018. «Deba Ibarreko euskara». In Joseba Lakarra and Blanc Urgell (eds.), Studia Philologica et Diachronica in honorem Joakin Gorrotxategi. Vasconica et Aquitanica. ASJU LII 1-2. 899-908.