Predikazioa bi sail nagusitan banatu ohi da: batetik, bigarren mailako predikatuak daude, ezinbesteko ez diren predikatuak; bestetik, lehenengo mailako predikatuak daude, perpaus gramatikalak lortzeko beharrezkoak direnak eta, ondorioz, ezabatu ezinezkoak (Zabala 1993: 137). Lehenengo mailako predikatuen artean, Zabalak (1993: 137) dioenez, ohiko gramatikek adizki-predikatuak eta izenki-predikatuak (atributu ere deituak) bereizi izan dituzte. Azken hauei erreparatuko diegu kapitulu honetan.
Izenki-predikatuak aditz zehatz batzuek azpikategorizatzen dituzten predikatuak dira, hots, aditzek osagarri modura eskatzen dituzten predikatuak. Izenki-predikatuen artean, izaera-mailako predikatuak eta egoera-mailako predikatuak bereizten dira (Zabala 1993: 158). Izaera-mailako predikatuek subjektuaren ezaugarri iraunkorrak adierazten dituzte (1a). Aldiz, egoera-mailako predikatuek subjektuaren ezaugarri iragankor eta behin-behinekoak adierazten dituzte, baita egoera zehatzak ere (1b) (Zabala 1993: 160 aipamenekin, 2003: 426).
(1a) | Miren | bilbotarra | *dago/da | (Zabala 2003: 426-427) |
Miren.ABS | bilbotarra | dago (egon) / da (izan) |
(1b) | Miren | haurdun | dago/da | (Zabala 2003: 426-427) |
Miren.ABS | haurdun | dago (egon) / da (izan) |
Egoera-mailako predikatuekin bi oinarrizko aditz kopulatibo aurki ditzakegu euskaraz: izan eta egon (1) (Zabala 1993, 2003). Eredu orokorrean, egon kopula erabiltzen da egoera-mailako predikatuetan (2); izan kopula, aldiz, izaera-mailako predikatuetan azaltzen da (3).
(2) | Irakaslea | lasai | dago |
Irakaslea.ABS | lasai | dago (egon) |
(3) | Irakaslea | lasaia1 | da |
Irakaslea.ABS | lasaia | da (izan) |
Ekialdeko hizkeretan, ordea, izan kopularekin egiten dira egoera-mailako predikatuak (4), izaera-mailako predikatuak (3) bezalaxe.
(4) | Irakaslea | lasai | da |
Irakaslea.ABS | lasai | da (izan) |
Beraz, euskararen orokortasunari erreparatuz gero, izan kopula euskalki eta hizkera guztietan aurki daiteke eta bi motatako predikatuak hauta ditzake, bai izaera-mailakoak (1a) bai egoera-mailakoak (1b) (Zabala 1993: 158-159).
Aldiz, egon kopulak egoera-mailako predikatuak soilik hautatzen ditu (1b) eta ez da gramatikala izaera-mailako predikatuekin (1a) (Zabala 2003: 426). Banaketa honek, egon bien artean murriztaileena eta markatuena dela iradokitzen du (Villasante 1980: 125; Zabala 1993: 159, 2003: 426). Izan ere, izan beti erabil daiteke egon kopula erabil daitekeen testuinguruetan, ez ordea alderantziz.
Are gehiago, egoera-mailako predikatu batzuekin ere izan hautatu behar da hizkera guztietan, baita egon kopula duten hizkeretan ere. Halakoak dira egoera psikologiko edo fisiko bat adierazten duten predikatu batzuekin (beldur, ikara, gose, egarri, lotsa, ahalge, haserre, izerdi, hotz, bero...) eratzen diren perpausak (5), baita ebentuen kokapena adierazten duten predikatuekin (6) eratzen direnak ere (Zabala 2003: 428).
(5) | Haurra | beldur | da/*dago |
Haurra.ABS | beldur | da (izan) / dago (egon) |
(6) | Jaia | Mirenen | etxean | da/*dago |
Jaia.ABS | Miren.GEN | etxe.INE | da (izan) / dago (egon) |
Laburbilduz, egoera-mailako predikatuak egon kopularekin sortzen dira eredu orokorrean (2), izaera-mailako predikatuak ez bezala (3). Ekialdeko hizkeretan, berriz, izan kopula erabiltzen da egoera-mailako predikatuetan (4), izaera-mailako predikatuekin erabiltzen den berbera alegia.
Oharrak:
1 Mugatzailearen agerpena izaera-mailako edo egoera-mailako predikatu izatearekin estuki lotuta dagoela dirudi. Beti egoera-mailako predikatu gisa agertzen diren ale lexikoak ez dira inoiz gramatikalak artikuluarekin; aldiz, beti izaera-mailako predikatu gisa azaltzen diren ale lexikoek artikulua beharrezko dute. Izaera-mailako zein egoera-mailako predikatu gisa ager daitezkeen predikatuetan, interpretazioa anbiguoa izan ez dadin erabiltzen da artikulua, bereziki ekialdeko hizkeretan, kopula berbera erabiltzen baita mota bietako predikatuekin (Zabala 2003: 433-434).
Deskribatutako hizkera eredua, hots, egoera-mailako aditzak izan kopularekin egiten dituena (4), ekialdeko hizkeretan aurki dezakegu. Zabalak (1993: 159) dioenez, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako hizkera batzuetan izan hautatzen da are kokapenezko balioarekin ere (7), egon kopularen balio bereizgarriarekin hain zuzen. Aldiz, egon gehiago erabiltzen da zenbat eta hegoalde eta mendebalderago joan.
(7) | Miren | etxean | da |
Miren.ABS | etxe.INE | da (izan) |
Ipar Euskal Herriko hizkeren berri Zuazok (2004: 208, 2013: 169) dakar. Bere esanetan, egon aditzak leku gutxi dauka Ipar Euskal Herriko euskaran, ziurrenik frantsesaren eraginez. Izan ere, frantsesak ez du izan/egon bereizketarik, être aditz bakarra baino. Horren ondorioz, Ipar Euskal Herrian akitua da edo bakarrik da bezalako formak aurki ditzakegu, Hego Euskal Herrian ohikoago diren nekatuta dago eta bakarrik dago formak beharrean.
Nafarroako hizkerei dagokienez, Zelaietak (2005: 293) Bortzirietako euskaran “izan/egon aditzen arteko lehia dagoela” aipatzen du, eta izan kopula egoera-mailako predikatuekin erabiltzen diren zenbait adibide jasotzen ditu: konforme zera?, dena ilun tzen, gure ama zena eri zen, ongi naiz, ura re lotan tzen...
Orobat, Zelaietak (2005: 293) bere egiten du Ibarra Murillok (2000: 199) Esteribarreko zein Erroibarreko euskarei buruz dioena, hau da, beste euskara batzuetan egon erabiltzen den arren, hizkera hauetan izan erabiltzen dela, Ipar Euskal Herriko hizkeren jokabidearekin bat eginez Hego Euskal Herrikoekin baino.
Laburbilduz, hizkera eredu hau (4) Ipar Euskal Herriko hizkeretan eta Nafarroa ipar-ekialdeko hizkera batzuetan aurki daiteke.
Datu-baseko emaitzek bat egiten dute goian azaldutako banaketa dialektalarekin. Egoera-mailako predikatuekin izan kopula erabiltzen dela jaso da Ipar Euskal Herriko hizkeretan: Larresoron eta Ziburun (nafar-lapurtarra) eta Urdiñarbeko zubereraz jaso ditugu baiezko emaitzak.
Hego Euskal Herrian, Nafarroako Arizkun, Goizueta eta Merkiritz herrietan aurki daiteke hizkera eredu hau. Arizkun Baztango herria izanik, bat dator Zelaietak (2005) Bortzirietarako deskribatzen duenarekin. Merkiritz, aldiz, Erroibarko euskararen adierazle da eta Ibarra Murillok (2000) aipatutakoarekin bat dator. Goizuetako hizkeran ere lekukotzen da hizkera eredu hau, Leitza aldeko nafarreran, beraz.
Azkenik, erdialdeko hizkeran ere jaso dugu hizkera eredu honen berri, Hernanin hain zuzen ere, ez ordea ekialderagoko hizkeretan, hala nola Errenteriakoan eta Irungoan.
Ibarra Murillo, Orreaga. 2000. Erroibarko eta Esteribarko hizkera. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Villasante, Luis. 1980. Sintaxis de la oración simple. Oñati: Editorial Franciscana.
Zabala, Igone. 1993. Predikazioaren teoriak gramatika sortzailean: Euskararen kasua. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Zabala, Igone. 2003. «Nominal predication: copulative sentences and secondary predication». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 426-448.
Zelaieta, Edu. 2005. «Bortzerrietako euskara, herriz herri (ez)berdintasunetan barrena (II)», FLV, 37, (99 zb.). 287-306.
Zuazo, Koldo. 2004. Euskalkiak, herriaren lekukoak. Donostia: Elkar.
Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.