Aditz laguntzaile iragankorra izateaz gain, *edun jabetza adierazten duen aditz nagusia ere izan daiteke (1) (Arregi 2004: 3).
(1) | Nik | seme | bat | dut |
ni.ERG | seme | bat.ABS | (3ABS).edun.1SG.ERG |
Hala ere, aditz nagusia eskatzen duten egituretan, hala nola, partizipio burutuan (2a), etorkizuneko partizipioan (2b) edota nominalizatutako aditz-izena bezalako beste edozein forma jokatugabetan (2c), ez dago *edun, izan baizik, perpausa iragankorra izan arren (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 122; Hualde 2003b: 221; Arregi 2004: 10-13).1
(2a) | Nik | seme | bat | izan | dut |
ni.ERG | seme | bat.ABS | izan.PTCP | (3ABS).edun.1SG.ERG |
(2b) | Nik | seme | bat | izango | dut |
ni.ERG | seme | bat.ABS | izan.PROS | (3ABS).edun.1SG.ERG |
(2c) | Seme | bat | izatea | esperientzia | zoragarria | da |
seme | bat.ABS | izan.NMLZ | esperientzia | zoragarria | (3ABS).izan |
Hizkera batzuetan, izan /*edun aditzen ordez, eduki aditz lexikoa erabiltzen da jabetza adierazteko (Hualde 2003b: 221). Aditz lexiko hau forma sintetikoan (3a) edota aditz perifrastiko baten aditz nagusi gisa (3b) erabil daiteke.
(3a) | (Nik) | seme | bat | daukat |
ni.ERG | seme | bat.ABS | 3ABS.eduki.1SG.ERG |
(3b) | (Nik) | seme | bat | eduki | dut |
ni.ERG | seme | bat.ABS | eduki.PTCP | (3ABS).edun.1SG.ERG |
Mendebaleko eta erdialdeko hizkeretan gertatzen da hau batez ere. Hizkera hauetan, *edun adizki perifrastikoetako aditz laguntzaile erabilerara mugatuz joan da (Arregi 2004: 3; Zuazo 2017: 47).
Ipar-ekialdeko hizkeretan, ukan aditza ere azal daiteke partizipiozko forman (3c), izan aditzaren ordez (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 122-123; Hualde 2003b: 221).
(3c) | (Nik) | seme | bat | ukan/ukanen | dut |
ni.ERG | seme | bat.ABS | ukan.PTCP/ukan.PROS | (3ABS).edun.1SG.ERG |
Oharrak:
1 *Edun berreraikitako partizipioa izanik (Hualde 2003b: 221), ez da hitz posiblea euskaraz (Arregi 2004: 10). Ondorioz, ezin da partizipio hau aditz nagusi bezala erabili, ezta hortik abiatuta forma jokatugaberik eraiki ere.
Aurreko deskribapenean, *edun erabiltzen duen eredu orokorraz gain, beste bi hizkera eredu bereizi ditugu: batetik daude eduki erabiltzen dituzten hizkerak (3a-b); bestetik, ukan erabiltzen dutenak (3c).
Zuazoren (2017: 48) arabera, jabetza adierazteko eduki aditz nagusia mendebaleko euskalkian eta erdialdeko hizkera askotan aurki daiteke. Hizkera hauetan, *edun aditz laguntzaile funtziora (hartu dot) edo atributuko perpaus kopulatiboetara (ori laguna dogu) mugatuta geratu da.2 Mendebaleko eta erdialdeko hizkerez gain, Nafarroako hizkera batzuetan ere erabiltzen da eduki aditz nagusi gisa, hala nola Sakanan.
Mendebaleko euskalkian idazki zaharrenetatik gaur egun arte antzematen da eduki aditzaren nagusitasuna (Zuazo 2017: 47-48).3 Esate baterako, Deba ibarrean eduki guztiz nagusitu dela dio Zuazok (2006: 82) eta Antzuolako adibideak dakartza horren erakusle (Larrañaga 1998 apud Zuazo 2006: 82):4
(4a) | Pisarriña ordua geunkanian arro eote giñan (327) |
‘Arbeltxoa osorik geneukanean harro egoten ginen’ |
(4b) | Arek eseukan diruan anbisiñorik (336) |
‘Hark ez zeukan diruaren anbiziorik’ |
Erdialdeko euskalkiari dagokionez, Gipuzkoako alderdi zabal batean ere eduki erabiltzen da jabetza adierazteko. Adibidez, Hurtadok (2001: 116) egoera hori deskribatzen du Goierrin eta Tolosaldean; esaterako, Seguran (5a) eta Tolosan (5b):
(5a) | Segura garai baten izan’tzan ba... (...) amar bat erri euki zittun bere mende |
‘Segura garai batean izan zen ba... (…) hamar bat herri eduki zituen bere mende’ |
(5b) | Biyok igual, inbidiya es eukitzeatikan; baina, suertea izan degù |
‘Biok agian, enbidia ez edukitzeagatik; baina, zortea izan dugu’ |
Hala ere, Agirrebeña, Alberdi, Mendiguren eta Sarasuak (2007: 50) Beasaingo (Goierri) hiztun nagusiei oraindik *edun entzuten zaiela diote, adibidez:
(6) | Badakizue, garai hartan esnea lau txakurreatik saltzen zan, ta baserrin familik bere gastue do, nahiz gutxi izan |
‘Badakizue, garai hartan esnea lau txakurrengatik saltzen zen, eta baserrian familiak bere gastua du, nahiz gutxi izan’ |
Erdialdeko euskalkiaren ipar-ekialdean ere eduki aditzaren adizki trinko batzuk aurki daitezke jabetza adierazteko, hala nola Lezoko euskaran (Agirretxe eta Esnaola 2000: 117) eta Pasaiakoan (Agirretxe, Lersundi eta Olaetxea 1998: 212). Dena den, oro har eremu honetako hizkeretan ez da eduki nagusitu eta eredu orokorrari eusten zaio. Horren adierazle dira Hondarribia eta Irungo euskarak, eremu gehienean ez baitute eduki erabiltzen. Hizkera hauetan, Hondarribian batez ere, *edun aditzaren trinkoak erabiltzen dira jabetza adierazteko, eduki-ren adizkiak baino gehiago (Sagarzazu 2005: 78-79).
Azkenik, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo, Zuazok (2010: 127) Nafarroako Sakanan ere eduki nagusitu dela dio, *edun ia guztiz baztertuta geratu arte. Esaterako, Urdiaingo hizkeran arrazoi dukazu (ez ‘arrazoi duzu’), launak banukatzien (ez ‘lagunak banituen’) esaten da.
Nafarroako beste eremu batzuetan ere, hala nola ipar-mendebaldeko hizkeretan (Apalauza Ollo 2008) eta Baztango hizkeran (Salaburu eta Lakar 2006: 131), eduki aditzaren adizki trinkoekin adieraz daiteke jabetza, ez ordea Bortzirietan (Zelaieta 2005: 293), non eredu orokorrari jarraituz *edun den nagusi. Zelaietaren (2005: 293) arabera, Bortzirien inguruko Gipuzkoako, Goizuetako eta Baztango mintzoetan badago lehia *edun eta eduki aditzen artean, Bortzirietan ez bezala.
Bigarren hizkera eredua Ipar Euskal Herriko hizkeretan aurki daiteke. Hizkera hauetan, aditz nagusia behar den perpausetan jabetza adierazteko izan aditzaz gain (2) ukan (3c) ere erabiltzen da, Hego Euskal Herriko eduki-ren ordez (Zuazo 2004: 208, 2013: 167; Epelde 2004b: 664).
Oharrak:
2 Zuazok (2017: 47) gaztelaniaren eragina aipatzen du aldaketa honen arrazoi posibletzat, hizkuntza honetan ere haber aditzak aditz nagusi funtzioa galdu baitzuen.
3 Araban gertatu bide zen aldaketaren hasiera, XVI. mendeko idatzietan (Landucciren hiztegia eta Lazarragaren eskuizkribua aipatzen ditu) jada eduki-ren aldeko hautua ikus baitaiteke. Adibidez, Landucciren hiztegian honako adibideak daude: lotsa euki, bildur euki, jateko gurea euki (Zuazo 2017: 47-48).
4 Hala ere, *edun ez bide da guztiz arrotza: emengua seban andria ‘hemengoa zuen andrea’ (337) (Larrañaga 1998 apud Zuazo 2006: 82).
Lehenengo hizkera ereduari dagokionez, bi jokabide bereizi ditugu datu-basearen emaitzetan. Batetik, jabetza adierazteko eduki aditzaren adizki trinkoak erabiltzen dituzten hizkerak ditugu (3a). Hizkera horien artean daude mendebaleko hizkerak eta erdialdeko hizkerak, ezaugarri honen banaketa dialektalari erreparatuz gero esperoko genukeen bezala. Erdialdeko euskalkian eduki aditzaren trinkorik ez darabilen hizkera bakarra Imotzeko euskara dugu.
Nafarroan Sakanako Arbizu eta Urdiainen ere ageri dira eduki-ren trinkoak, Zuazok (2010: 127) aipatu bezalaxe. Aldiz, datu-basean ezezko erantzuna jaso da Baztan eta Goizuetan eta datu honek Zelaietak (2005) aipatutako lehian *edun aditzen alde egin izana iradokitzen du. Horrez gain, ekialderago Orbaizetan eta Nafarroa Behereko Oragarreko euskaran ere lekukotu da eduki-ren trinkoen erabilera, ez ordea Ipar Euskal Herriko gainerako hizkeretan.
Bestetik, lehen hizkera ereduaren baitan eduki aditza perpaus jokatugabeetan erabiltzen duten hizkerak daude (3b), izan aditzaren ordez, alegia. Oro har, eduki-ren trinkoak lekukotu diren hizkerekin bat datoz, bereziki mendebaleko eta erdialdeko hizkeretan, non eduki aditzak nagusitasuna duen.
Hala ere, Gipuzkoako ipar-ekialdeko hizkeretan eta Nafarroan eduki aditzak indarra galtzen du aditz nagusi gisa. Esaterako, Irunen eta Errenterian eduki-ren aditz trinkoekin baiezkoa jaso den arren, ezezkoa jaso da eduki aditz nagusi bezala erabiltzen diren perpausetarako, Sagarzazuk (2005) aipatu bezala eremu honetan eduki aditza mendebalderago bezain indartsu ez dagoen seinale. Nafarroan, egoera bera lekukotu da Oragarren eta Arbizun ere, eduki forma sintetikoetan lekukotu baita, ez ordea forma jokatugabeetan. Beraz, eduki aditzak hedadura zabalagoa hartzen du ekialderantz eta hegoalderantz adizki trinkoekin, aditz nagusi gisa Bizkaian eta Gipuzkoan soilik ageri den bitartean.
Azkenik, bigarren hizkera eredua (3c) Ipar Euskal Herriko hizkeretan lekukotu da, espero bezala: Urdiñarben (zuberera), Oragarren eta Larresoron (nafar-lapurtera). Aldiz, Lapurdiko kostaldeko Ziburu herrian (nafar-lapurtera) ezezko erantzuna jaso da.
Agirrebeña, Aintzane, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren and Asier Sarasua. 2007. Beasaingo euskara. Herrizko hizkeraren azterketa eta ahozko ondarearen bilketa. Beasain: Beasaingo Udala
Agirretxe, Jose Luix and Imanol Esnaola. 2000. Lezoko euskararen azterketa. Lezo: Lezoko Udala.
Agirretxe, Jose Luix, Mikel Lersundi and Ortzuri Olaetxea. 1998. Pasaiako hizkera. Pasaia: Pasaiako Udala.
Apalauza, Amaia. 2008. «Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu». FLV 107. 63-104.
Arregi, Karlos. 2004. «The Have / Be alternation in Basque». manuscript, Univ of Chicago.
Epelde, Irantzu. 2004b. Larresoroko azterketa. Dialektologia azterketa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]
Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.
Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.
Sagarzazu, Txomin. 2005. Hondarribiko eta Irungo euskara. Irun: Alberdania
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.
Zelaieta, Edu. 2005. «Bortzerrietako euskara, herriz herri (ez)berdintasunetan barrena (II)», FLV, 37, (99 zb.). 287-306.
Zuazo, Koldo. 2004. Euskalkiak, herriaren lekukoak. Donostia: Elkar.
Zuazo, Koldo. 2006. Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Badihardugu Euskara Elkartea.
Zuazo, Koldo. 2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruña: Nafarroako Gobernua; Bilbo: Euskaltzaindia.
Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.