vi.3. Ukan izan-en ordez partizipio erresultatiboetan
Deskribapena

Eredu orokorrean, izan aditzaren partizipio erresultatiboa izana da (1). Hizkera batzuetan, haren ordez ukan(a) partizipioa ageri da (2).

(1) Lehen ere Baionan izana naiz
lehen ere Baiona.INE izan.PTCP.RES 1SG.ABS.izan

(2) Lehen ere Baionan ukan(a) niz
lehen ere Baiona.INE ukan.PTCP.RES 1SG.ABS.izan
Banaketa dialektala

Partizipio erresultatiboetan izan-en ordez ukan erabiltzea nafar-lapurteraren sortaldeko hizkeren ezaugarria da, Luzaideko euskararena esate baterako (Iñaki Camino, p.c.).

Aldiz, ez da lekukotzen nafar-lapurteraren sartaldeko eta erdialdeko hizkeretan (Beñat Oihartzabal, Piarres Xarriton, Maia Duguine eta Céline Mounole (p.c.). Hala dio Epeldek (2004a: 291) ere, Larresoron izan baino erabiltzen ez dela baitio (2)-ko egituretan, ukan jabetza adierazteko aditz nagusi gisa soilik aurki baitaiteke bertan, laguntzaile iragankorrarekin (jabetza adierazteko ukan aditzaren erabileraz ikus 55. kapitulua).

Hala ere, Milafrangan eta Hazparne aldean ere ukan honelako perifrasietan aurkitzea ohikoa dela aipatzen du Epeldek (2004a: 291), hizkera hauek sortaldeko nafar-lapurteran egon ez arren, erdialdeko nafar-lapurteran baino (Zuazo 2004). Edonola ere, ukan aditz perifrasi hauetan agertzea gero eta gaitzagoa da zenbat eta mendebalderago jo; Epeldek (2004a: 291) muga Kanbo inguruan ezartzen du, Itsasun ukan aditz nagusi gisa bakarrik erabiltzen delako.

Ebidentzia historikoak badaude testu idatzietan, adibidez: bazioiten ni uketu naizen parte otan (Hendaiako espioitzako gutunak, 1597); 25 urthez kastitatean bizi ukhetu zena (Haramburu, 1635). Are gehiago, alternantzia hau izan (bere partizipiozko forman) partizipio erresultatibodun predikazioko kopula denean ere ikus daiteke: ukandubaysen conceviturik (goi-nafarreraz idatziriko otoitza, 1614) (Céline Mounole, p.c.).

Datu-basearen emaitzak

Datu-basearen emaitzei dagokienez, hizkera eredu hau (2) ez da datu-baseko hizkera batean ere lekukotu. Datu-basean aztertutako nafar-lapurteraren bi hizkeretako bat Larresorokoa da, eta Epeldek (2004a) adierazten duen bezala, hemen ez da lekukotzen. Bigarren hizkera Oragarreko euskara da, eta ekialderago dagoen arren, ezezko lekukotasuna jaso da datu-basean.

Aipamenak

Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.

Mitxelena, Koldo and Ibon Sarasola. 1989-2005. Diccionario General Vasco / Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.

Zuazo, Koldo. 2004. Euskalkiak, herriaren lekukoak. Donostia: Elkar.