vi.4. Ari progresiboa subjektu ergatibo eta *edun aditz laguntzaile iragankorrarekin: ari dut  (v ari naiz)
Egilea: Kristina Bilbao
Nola aipatu: Bilbao, Kristina. (2022). Ari progresiboa subjektu ergatibo eta *edun aditz laguntzaile iragankorrarekin: ari dut  (v ari naiz). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=6&e=38&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Eredu orokorrean, ari izan progresiboa subjektu absolutiboarekin eta izan aditz laguntzaile iragangaitzarekin batera azaltzen da, baita predikatu osagarria iragankorra edo ditrantsitiboa denean ere (1a) (Laka 2004: 116-117).

(1a) (Ni) ogia jaten ari naiz
ni.ABS ogia.ABS jan.IPFV PROG 1SG.ABS.izan
(1b) (Nik) ogia jan dut
ni.ERG ogia.ABS jan.PTCP (3ABS).edun.1SG.ERG

Ari izan progresiboak subjektu absolutiboa eta izan aditz laguntzaile iragangaitza hautatzen ditu beti, edozein aditzekin doala ere, aditza iragangaitza zein iragankorra izan (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 427).

Hori dela eta, jan bezalako aditz iragankorrek progresibotik subjektu ergatiboa eta *edun aditz laguntzaile iragankorra hautatu arren (1b), aspektu progresiboarekin kasu aldaketa bat jasaten dute. Orduan, subjektua absolutiboz markatzen da eta aditz laguntzailea iragangaitza hautatzen da (1a) (Laka 2006: 173).

Bestalde, ipar-ekialdeko hizkera batzuetan, ari izan progresiboa subjektu ergatiboarekin eta *edun aditz laguntzaile iragankorrarekin eratzen da, predikatu osagarria iragankorra denean (2) (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 449; Laka 2004: 127-128, 2006: 175).

(2) (Nik) ogia jaten ari dut
ni.ERG ogia.ABS jan.IPFV PROG (3ABS).edun.1SG.ERG
Banaketa dialektala

Ipar-ekialdeko hizkera batzuetan jaso da (2)-ko ereduaren berri. Lapurdin, Epeldek (2004a: 294) bai Hazparne aldean bai Larresoro aldean ari izan aditzak laguntzaile iragankorra har dezakeela dio: garbitzen ai da / ekasten ai du beti ‘ikasten ari dugu beti’ (Lar.). Hala ere, Larresoron laguntzaile iragangaitza sarriago entzun daitekeela aipatzen du. Senperen ere bídea itén hai dié eta bídea itén hái duté, biak erabiltzen dira (Irizar 1997: 86). Testuetan, XIX. mendetik aurrera autore lapurtar eta behe-nafarrek erabili izan dute ari izan laguntzaile iragankorrarekin OEH-ren arabera.

Datu-basearen emaitzak

Ipar-ekialdeko hizkeren artean, Baztanen (nafarrera), Larresoron (nafar-lapurtera) eta Urdiñarben (zuberera) lekukotu da datu-basean (2)-ko hizkera eredua.

Aldiz, ez da lekukotu nafar-lapurteraren beste bi hizkeratan: Oragarreko euskaran eta kostaldean, Ziburun.

Eztabaida teorikoa

Euskara hizkuntza ergatiboa denez, perpaus iragankorretan –argumentu bi dituztenak– subjektuek ergatibo kasu marka hartzen dute eta osagarriek, berriz, absolutiboa. Orobat, subjektuak eta osagarriak ergatibo eta absolutibo komunztadura erakusten dute hurrenez hurren *edun aditz laguntzaile iragankorrarekin (3a). Perpausa ditrantsitiboa izanez gero, komunztadura datiboa duen eta kasu horretan markatuta dagoen argumentu datibo bat ere egongo da (3b).1

(3a) Nik etxeak eraikitzen ditut
(3b) Nik liburua ematen dizut

Perpaus iragangaitz –argumentu bakarreko– inakusatiboetan, aldiz, subjektuak gaia errol tematikoa du, absolutiboz markatzen da eta komunztadura izan aditz laguntzaile iragangaitzarekin (3c) egiten du. Perpaus iragangaitza inergatiboa bada, orduan, subjektuak egile errol tematikoa dauka, ergatibo kasuaz markatua eta ergatibo komunztadura egiten duena *edun aditz laguntzailearekin (3d).

(3c) Ni etxera joaten naiz
(3d) Nik eskiatzen dut

Orain arte deskribatutako kasu markaketa aspektu progresibotik kanpoko perpausetan ikus daiteke. (3)-ko perpausak ari izan progresiboarekin sortutako perpaus bihurtuz gero, ordea, aurretik deskribatutako kasu markaketa ez da gordetzen, kasu eredu berezia sortzen baita (4) (Laka 2004: 116-117):

(4a) Ni etxeak eraikitzen ari naiz
(4b) Ni liburua ematen ari natzaizu
(4c) Ni etxera joaten ari naiz
(4d) Ni eskiatzen ari naiz

Ikus daitekeenez, (4a-b-c) perpausetako subjektuek kasu marka absolutiboa hartu dute eta aditz laguntzailea izan da, nahiz eta progresibotik kanpo (3) aditz berberekin sortutako perpausek ergatibo markadun subjektua eta *edun laguntzaile iragankorra erakutsi (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 430; Holmer 1999: 199; Laka 2004: 116-117).

Ari izan-ekin sortutako progresiboak kasu markaketan eta aditz laguntzaile hautaketan erakusten duen berezitasun honi arreta jarri izan diote hainbat hizkuntzalarik. Izan ere, eraiki, eman eta eskiatu aditzetan egile errola duen kanpo argumentuak ez du absolutibo kasua hartzen ari izan progresiboarekin ez baldin bada, Holmerrek (1999: 191) adierazten duen bezala. Hala izanik, euskaraz egile errola duen argumentuak ergatibo kasua hartzen duelako baieztapenaren salbuespena litzateke ari izan progresiboa.

Lakak (2004: 117) dioenez, arazo teoriko hau azaltzen saiatu diren hizkuntzalari batzuek aspektu progresibodun perpausak egitura antipasiboak direla proposatu dute, ari partikula iragangaiztaile bat dela argudiatuz, hala nola Postalek (1977) eta Alonso Cortesek (2002). Kasu horretan, ari-k aditz iragankorrak iragangaizteko funtzioa izango luke.

Alabaina, Hualde eta Ortiz de Urbinak (1987: 435) (4)-ko egituretan antipasiborik ez dela erakutsi dute. Bi arrazoi nagusi ematen dituzte. Batetik, ari ez da aditz iragankorrekin agertzera mugatzen, iragangaitzekin ere ager daiteke, (4c) adibidean ikusi dugun modura. Kasu horretan, aditz iragangaitz batekin agertzen bada, ez du zentzurik partikularen ustezko iragangaizte funtzioak. Bestetik, ari aditz nagusi eta bakar moduan ere ager daiteke (5), PS inesibo bat osagarritzat duela. Orduan ere, ez dauka beste aditz bat iragangaizteko funtzioa, ez baitago beste aditzik.

(5) Ni lanean ari naiz

Hualde eta Ortiz de Urbinak (1987: 437-438) baztertutako beste hipotesi bat da ari aditz laguntzailearen aurreko partikula bat edo elementu modal bat izatea. Izan ere, ari aditzaren eta laguntzailearen artean agertu ohi da, ahal modala edo omen partikula bezalaxe (6).

(6a) Nik ogia jan ahal dut
(6b) Anek ogia jan omen du

Hipotesi honen alde ez egiteko arrazoia -tzen morfemaren analisitik datorkigu. Hualdek eta Ortiz de Urbinak (1987: 428) aipatzen dutenez, morfema hau anbiguoa da, bi morfema homofono baititugu euskaraz. Batetik, -tzen aspektu-marka burutugabea, (3)-ko perpausetako berbera. Progresiboan ari-ren aurretik ageri dena aspektu burutugabearen marka baldin bada, kasu horretan ari aditz nagusi baten eta laguntzailearen artean legoke, ahal eta omen partikulak egon ohi diren bezala (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 436).

Bestetik, ordea, -tze morfemak aditz nagusi baten aditz-izena sor dezake. Kasu horretan, aditz-izena -n inesiboaz markatuta dago, -tzen amaiera sortuz (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 437). Kontuan hartuz gero ari izan aditz nagusi eta bakar gisa agertzen denean (5) osagarritzat PS inesiboa hartzen duela, pentsa genezake (4)-ko perpaus progresiboetan ere ari izan-ek osagarri bera hartzen duela, hots, inesiboz markatutako perpaus bat. Hau hala bada, ari izan progresiboa ezin da ahal edo omen moduko partikula edo elementu modal bat izan, hauek beste aditz nagusi baten modua modifikatzen dutelako. Ondorioz, (4)-ko -tzen morfema ez da aditz nagusi baten aspektu burutugabearen marka (3), inesiboz2 markatutako aditz-izena baizik.

Hain zuzen ere, Demirdache eta Uribe-Etxebarriak (2000: 178-179) erakusten dute munduko hizkuntzetan denbora-aspektu harremanak adierazteko erabiltzen diren ereduak espazio kokapenak adierazteko adierazpenetatik eratorri ohi direla. Honek hizkuntza-arteko ebidentzia eskaintzen digu -tzen morfema inesibodun aditz-izen moduan aztertzearen alde, inesiboa lekuzko kasua baita, oro har espazioa eta kokapena adierazten dituena.3

Beraz, Hualde eta Ortiz de Urbinak (1987) proposatutako analisiaren arabera, ari izan da aditz nagusia eta, (5) adibidean bezala, aditz honek inesibodun osagarri bat hartzen du, kasu honetan menpeko perpaus bat, aditz-izen inesiboa buru duena (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 437; Laka 2004: 122).

Hualde eta Ortiz de Urbinaren (1987) hipotesia aintzat hartuta, hots, ari izan aditz nagusi bat dela, (4)-ko perpaus progresiboetan aditz eta perpaus bi ditugula ondorioztatzen da, eta hortaz, perpaus konplexuak direla. Hauetan, aditz nagusi bat (ari izan) eta honen osagarria den menpeko perpausa daude (Laka 2004: 122-123). Adibidez, (4a) adibidean, [etxeak eraikitzen] litzateke menpeko perpausa, ari izan aditzak osagarritzat hartzen duena.

Hipotesi hau ontzat hartzen badugu, ari izan aditza inakusatiboa dela konturatuko gara, hau da, bere argumentu bakarra subjektu iragangaitza dela. Horregatik, hain zuzen ere, (4)-ko ni subjektua absolutiboz markatuta dago eta ari izan aditzaren gaia da. Orobat, hori da ari izan aditzak beti izan laguntzaile iragangaitza hautatzearen arrazoia, osagarritzat edozein aditz-izen hartzen duela ere. Beraz, hasieran aurkeztutako arazoa, hau da, egilea ergatiboz baino absolutiboz markatuta egotea, desagertu egiten da perpaus progresiboak perpaus konplexutzat ulertuta. Analisi honetan, ari izan aditzaren subjektua ez baita egilea, gaia baino, ohiko marka absolutiboarekin.

Menpeko perpaus jokatugabean, aldiz, inesiboz markatutako aditz-izenak bere argumentuak ditu, aditzaren arabera. Esate baterako, (4a)-ko eraiki aditz iragankorrak subjektu iragankor isila du, ergatiboz markatua eta perpaus nagusiko subjektuaren erreferentziakide dena (Laka 2004: 117). Horrez gain, etxeak osagarria ere badu, absolutiboz markatua.4

Analisi honen alde egiten dute baita mendebaleko euskalkietan ageri diren progresiboek (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 429, 3. oin-oharra; Lakak 2004: 122-123). Hauetan, ibili (7a) edo egon (7b) aditzak erabiltzen dira ari izan aditzaren ordez progresiboa adierazteko (ikus 58. kapitulua). Argi ikus daiteke honako aditz hauek ez direla laguntzaileak, osagarritzat aditz-izena hartzen duten aditz nagusi iragangaitzak baizik:

(7a) Karate ikasten dabil
(7b) Karate ikasten dago

Azkenik, ekialdeko hizkera batzuetan deskribatu dugun hizkera ereduan, ari izan aditzak subjektu ergatiboa eta aditz laguntzaile iragankorra hartzen duela ikusi dugu (2). Nolatan da hori posible, ari izan aditza inakusatiboa baldin bada? Lakak (2004: 128) gramatikalizazioaren prozesuaren bidez azaltzen du auzi hau.

Laguntzaile iragankorraren bidez eratutako progresiboak (2) iragangaitzen bidez eratutakoen (1) baliokideak dira esanahiaren aldetik. (1) bezalako formetatik, ipar-ekialdeko hizkera batzuek (2) erabilera berria garatu dute XIX. Mendearen bigarren erdialdetik hona (OEH). Lakak (2004: 128, 2006: 188) proposatzen duenaren arabera, gramatikalizazioaren bidez kategoria aldaketa bat gertatu da, ari kategoria lexiko izatetik (aditza) kategoria funtzional izatera igaro baita, hots, aspektu-marka progresibo bezala berrinterpretatu da.5

Beraz, Lakaren (2004: 128) arabera, euskalki hauetan ari ez litzateke aditz nagusia, eredu orokorrean bezala, ez bada aspektu progresiboaren marka. Ondorioz, egitura hauek bakunak dira. Aspektu-marka burutugabea duen aditz nagusia iragankorra denean, subjektuak ergatibo kasua eta osagarriak absolutibo marka jasotzen ditu. Orobat, argumentu bakoitzak komunztadura egiten du *edun aditz laguntzaile iragankorrarekin, ohiko perpaus iragankorretan bezala.

Oharrak:

1 Datiboa predikatu iragankorretan ez ezik predikatu inakusatiboetan eta inergatiboetan ere ager daiteke, niri elefanteak gustatzen zaizkit eta nik begiratzen dizut perpausetan bezala, hurrenez hurren (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 429-430).

2 Ekialdeko hizkeretan, -tzen markaz gain -tzerat, alatiboz markatutako aditz-izena, edo –tzeari, datiboz markatutako aditz-izena, ager daitezke ari progresiboetan (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 428-429).

3 Progresiboan ageri den postposizio lokatiboak ekintza leku batean gertatzen zela adieraziko zuen ziurrenik lehenengo, baina gerora espazio adiera denbora adierara aldatuz joan bide zen (Demirdache eta Uribe-Etxebarria 1997: 179).

4 Hain zuzen, progresiboa bi perpausek osatutako perpaus konplexu gisa ulertuz gero, erraz azaltzen da eraiki bezalako aditz iragankorretan bi argumentu absolutibo agertzearen arazoa: bata ari aditz nagusi iragangaitzaren subjektua da; bestea, aldiz, menpeko perpausaren osagarria. Orobat, horregatik erakusten du subjektuak soilik aditz laguntzailearekiko komunztadura absolutiboa (Hualde eta Ortiz de Urbina 1987: 430; Laka 2004: 122).

5 Prozesu bera gertatu bide da (3) bezalako perpaus inperfektiboetan ere. Lehenago leku harremana adieraziko zuen -tzen morfemak, inesiboz markatutako aditz-izena izango baitzen, baina gerora -tzen inperfektiboko aspektu marka (aspektu buru) gisa gramatikalizatuko zen eta perpaus bakuna berrinterpretatu (Laka 2004: 126).

Aipamenak

Demirdache, Hamida and Myriam Uribe-Etxebarria. 2000. «The Primitives of Temporal Relations». In R. Martin, D. Michaels and J.Uriagereka (eds.), Step by step. Essays on Minimalist syntax in honor of Howard Lasnik. Cambridge, MA: the MIT Press. 157-186.

Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.

Holmer, Anders. 1999. «An active analysis of Basque ergativity». Fontes Linguae Vasconum 81: 189-225.

Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina. 1987. «Restructuring with ARI». ASJU International Journal of Basque Philology, XXI-2, 425-452.

Irizar, Pedro. 1997. Morfología del verbo auxiliar labortano (estudio dialectológico). Iruñea: Euskaltzaindia & UPV/EHU.

Laka, Itziar. 2004. «Ari progresiboaz: euskararen kasu markak». In Pablo Albizu and Beatriz Fernández (eds.), Euskal Gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak, azterbide berriak. Bilbao: UPV/EHU. 113-132.

Laka, Itziar. 2006. «Deriving Split Ergativity in the Progressive: the Case of Basque». In Alana Johns, Diane Massam and Juvénal Ndayiragije (eds.), Ergativity: Emerging Issues. Dordrecht/Berlin: Springer. 173-195.

Mitxelena, Koldo and Ibon Sarasola. 1989-2005. Diccionario General Vasco / Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.