vii.2. Partitiboa erlatibo aposiziozkoetan aurrekaria mugagabea denean: -ik (v -a)
Deskribapena

22. kapituluan ikusi dugun bezala, partitiboa baiezko perpausetan ager daiteke balio enfatikoarekin, izen sintagmaren amaieran adjektibo bat dagoenean. Ezaugarri honetan izen sintagmaren amaierako beste modifikatzaile bati erreparatuko diogu, perpaus erlatibo aposiziozkoei hain zuzen.

Euskaraz perpaus erlatiboak aitzindari den –hots, perpaus erlatiboak modifikatzen duen– izenaren aurretik agertu ohi dira. (1) perpausean, adibidez, ona zen perpaus erlatiboak neskatxa izen sintagma du aitzindari gisa.

(1) [Ona zen] neskatxa etorri zen
ona zen.EN neskatxa.ABS etorri zen

Alabaina, badaude aitzindari den izenaren ostean agertzen diren perpaus erlatiboak ere, de Rijkek (1972: 167) pseudo-extraposed relatives deitzen dituenak. Aposizioan dauden perpaus erlatibook perpausaren amaieran agertzen dira (Oyharçabal 2003b: 806). Halakoetan, oro har, -(e)n konplementatzailedun aditz jokatuak a mugatzailea hartu ohi du, absolutibo kasua alegia:

(2) Bazen neskatxa txiki bat [ona zena]
BA.zen neskatxa txiki bat ona zen.EN.ABS

Hizkera batzuetan, absolutibo marka ez ezik, -(r)ik partitibo marka ere har dezake perpaus erlatiboko adizkiak. Horretarako, aitzindariak izen sintagma mugagabea izan behar du (de Rijk 1972: 167). Esate baterako, (3)-ko adibidean bat determinatzaile zehaztugabea du neskatxa ttipi bat izen sintagma aitzindariak:

(3) Bazen neskatxa ttipi bat [ona zenik]
BA.zen neskatxa ttipi bat ona zen.EN.PRTV
Banaketa dialektala

De Rijkek (1972: 167-168) dioenez, (3) bezalako perpausak Ipar Euskal Herriko (azpi)-hizkera batzuetan aurki daitezke. Esaterako, (3) adibidea Jon Mirande idazle zuberotarraren adibidea da (de Rijk 1972: 168).

Datu-basearen emaitzak

Datu-basean aztertutako hizkeren artean ez da (3)-ko hizkera eredua inon lekukotu, ezta Urdiñarbeko zubereraz ere.

Eztabaida teorikoa

Oyharçabalen (2003b: 806) arabera (3) bezalako perpausak euskara zaharrean ziren posible. Hain zuzen ere, Miranderen adibideez gain de Rijkek (1972: 168) jaso dituen adibideak Leizarragaren 1571ko Testamentu Berrikoak dira, hala nola (4)-ko adibidea:

(4) Bertze bat da testifikatzen duenik nitzaz

Egungo euskaraz, aldiz, Oyharçabalek (2003b: 806) dio perpaus erlatiboak partitibo marka hartu ahal izateko aitzindariak ere partitibo marka hartu behar duela, perpaus erlatiboarekin komunztadura eginez (5).1

(5) Eta ez dut uste baden emazterik [ezetz ihardetsiko didanik]
eta ez dut uste BA.den emazte.PRTV ezetz ihardetsiko dit.EN.PRTV

Bestalde, perpaus erlatiboek partitibo marka har dezaketen beste kasu bat dago; Mitxelenak de Rijki (1972: 168) adierazi zionez, ekialdeko hizkeretan (hots, Gipuzkoa eta Bizkaiatik kanpokoetan) ager daiteke kasu hau. Testuinguru existentzialetan, perpaus erlatiboak partitibo marka har dezake hizkera horietan, aitzindaria izenordaina denean (6) (de Rijk 1972: 169):

(6) Ba da oraindik haren ateraldi eta erantzunak gogoan dituenik Errenterian

Oharrak: 

1 Dena den, badirudi ahozko euskaraz idatziz baino nasaiagoa dela aitzindariaren eta perpaus erlatiboaren artean komunztadura egiteko beharra (Oyharçabal 2003: 806).

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G. 1972. «Partitive assignment in Basque». International Journal of Basque Philology (ASJU), VI: 130-73.

Oyharçabal, Beñat. 2003. «Relatives». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 762-823.