(1) bezalako perpaus osagarri ez-faktiboetan,1 -(e)la konplementatzailea izaten da burua. Hain zuzen ere, konplementatzaile hau orokorra da euskalki guztietan adierazpenezko perpausetarako (Euskaltzaindia 1999: 46; Artiagoitia 2003: 635).
| (1) | Uste | dut | zurea | dela |
| uste | (3ABS).edun.1SG.ERG | zurea | da.ELA |
Alabaina, hizkera batzuetan -(e)la beharrean, -(e)n da perpaus osagarri ez-faktiboetako burua.
| (2) | Uste | dut | zurea | den |
| uste | (3ABS).edun.1SG.ERG | zurea | da.EN |
Lafitten (1944 [1979]: 395) arabera, -(e)n agertzen da aieruzko aditzen osagarri diren perpausetan. Halakoak dira, esate baterako, uste izan, beldur izan eta badaiteke/baliteke (Euskaltzaindia 1999: 76; Artiagoitia 2003: 642).
Oharrak:
1 Perpaus faktiboetan, hiztunak ziurtzat jotzen du perpaus osagarrian adierazi dena (ikus 63. kapitulua). Aldiz, kapitulu honetan aztergai dugun ezaugarrian perpaus ez-faktiboez ari gara. Hauetan, hiztunak ez du perpaus osagarriak adierazten duena egiazkotzat jotzen; aitzitik, aurresuposiziorik gabeko perpausak dira eta hiztunak ez du perpaus osagarriaren ziurtasunaz baloraziorik egiten (Mujika 1980; Goenaga 1984; Euskaltzaindia 1999: 75). Hala, (1) perpausean, baliteke delako objektuaren jabetza zurea izatea, baina aukera bera dago objektua zurea ez izateko ere. Kontua zera da, nire ustea adieraztea, uste hori egiazkoa den ala ez aurresuposatu gabe.
Oro har, ekialdeko hizkerek erakusten dute (2)-ko hizkera eredua (Euskaltzaindia 1999; Artiagoitia 2003). Zuazok (2008: 214) dioenez, Ipar Euskal Herrian eta euskara nafarrean lekukotzen da ezaugarri hau; aldiz, erdialdeko eta mendebaleko euskaran (1)-eko hizkera eredua darabilte, hots, -(e)la konplementatzailea erabiltzen dute.
Nafarroako ipar-mendebaldeko eremuan, sortaldeko Imotz eta Basaburu Nagusiko ibarretan (Berueten izan ezik), -(e)n da nagusi gaur egun, nahiz eta -(e)la ere entzun daitekeen (Apalauza 2008: 96, 2010: 439). Aldiz, bailara horietatik mendebaldera -(e)la ageri da, Berueten, Larraunen eta Araitz-Betelun adibidez (Apalauza 2010: 440).
Baztan aldean ere -(e)n konplementatzaile hutsa erabiltzen da menpeko perpaus osagarrietan eta bereziki uste izan aditzarekin nahiko naturala suertatzen da (Salaburu eta Lakar 2005: 158). Dena den, Salaburu eta Lakarren (2005: 157) arabera, -(e)la (3b) zein -(e)nik (4b) ere entzun daitezke Baztanen, -(e)n konplementatzailearen balio berarekin:
| (3a) | Uste dut beitiko plazan bazen ura |
| (3b) | Uste dut beitiko plazan bazela ura |
| (4a) | Ez dut uste bertze herrietan kantatzen zen |
| (4b) | Ez dut uste bertze herrietan kantatzen zenik |
Zelaietak (2005: 294) Bortzerrietan ere -(e)n erabiltzen dela dio, nahiz eta gazteen artean ez den oso erabilia, ez behintzat Xaretako herrietan bezainbeste. Irun eta Hondarribian ere ezaguna da konplementatzaile hau, -(e)la-k erabilera handiagoa duen arren (Sagarzazu 2005: 84).
Bestalde, jada Ipar Euskal Herrian, Epeldek (2004a, 2004b) -(e)n konplementatzailea erabiltzen dela dio Larresoro eta Hazparne aldean. Are gehiago, eremu hauetan perpaus osagarriak ez duela -(e)la hartzen aipatzen du (Epelde 2004a: 297). Beraz, zenbat eta ekialderago, -(e)n konplementatzaileak indar handiagoa duela dirudi, -(e)la-ren aldean.
Datu-basearen emaitzek bat egiten dute deskribatutako banaketa dialektalarekin. Izan ere, banaketa argia antzeman daiteke ekialdeko hizkeren eta mendebaldekoen artean.
Ipar Euskal Herriko hizkeretan (2)-ko hizkera eredua lekukotu da, Lapurdiko kostaldean izan ezik (Ziburu). Nafarroan, ekialderen dauden hizkeretan ere jaso da, hala nola Baztanen (Salaburu eta Lakar 2005) eta Erroibarren.
Horrez gain, Imotzen ere -(e)n jaso da, ez ordea mendebalderago Arbizu eta Urdiainen, Apalauzak (2008, 2010) aipatutako banaketarekin bat etorriz. Orobat, ez da (2)-ko hizkera eredua lekukotu Goizuetan (Nafarroa), ezta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hizkeretan ere, espero zen bezala.
Apalauza, Amaia. 2008. «Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu». FLV 107. 63-104.
Apalauza, Amaia. 2010. Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkeren egitura geolinguistikoa. Ph.D. Diss., Gasteiz: UPV/EHU.
Artiagoitia, Xabier. 2003. «Complementation (noun clauses)». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 634-711.
Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.
Epelde, Irantzu. 2004b. Larresoroko azterketa. Dialektologia azterketa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Euskaltzaindia. 1999. Euskal gramatika. Lehen urratsak - V. Mendeko perpausak 1. Bilbo: Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Goenaga, Patxi. 1984. Euskal sintaxia: konplementazioa eta nominalizazioa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]
Mujika, José Antonio. 1980. «Zenbait konpletiboren azterketa J. Leizarragan». Euskera, XXV (2). 597-629.
Sagarzazu, Txomin. 2005. Hondarribiko eta Irungo euskara. Irun: Alberdania
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.
Zelaieta, Edu. 2005. «Bortzerrietako euskara, herriz herri (ez)berdintasunetan barrena (II)», FLV, 37, (99 zb.). 287-306.
Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.


