Menpeko perpaus osagarrietan -(e)la konplementatzailea izaten da burua (1). Konplementatzaile hau euskalki guztietan orokorra da eta adierazpen perpausetan erabili ohi dena da (Euskaltzaindia 1999: 46; Artiagoitia 2003: 635).
| (1) | Esan | didate | euskalduna | zarela |
| esan | (3ABS).edun.3PL.ERG.1SG.DAT | euskalduna | zara.ELA |
Mendebaleko hizkera batzuetan, adierazpenezko perpaus osagarrien buru gisa -(e)na konplementatzailea ere erabil daiteke -(e)la-ren ordez (2) (Euskaltzaindia 1999: 67; Artiagoitia 2003: 646):
| (2) | Esan | didate | euskalduna | zarena |
| esan | (3ABS).edun.3PL.ERG.1SG.DAT | euskalduna | zara.ENA |
Badirudi -(e)na konplementatzailearen osaera konplexua dela, -(e)n konplementatzaileari -a artikulu mugatua gehitu baitzaio (Euskaltzaindia 1999: 67; Artiagoitia 2003: 646).
Ikus daitekeenez, (1) eta (2) perpaus bera dira, konplementatzaile desberdinarekin. Mendebaleko hiztunek bi perpausak sor ditzaketen arren, bi perpausek ez dute interpretazio berbera, konplementatzaile bakoitzak irakurketa desberdina ematen baitio perpausari. Zehazki, -(e)na perpaus osagarri faktiboetan erabiltzen da; hala, (2)-ko perpausak interpretazio faktiboa du, (1)-ekoak ez bezala.
(2) bezalako perpaus faktiboetan, hiztunak ziurtzat hartzen du perpaus osagarriko adierazpena (Euskaltzaindia 1999: 67; Artiagoitia 2003: 646-647; Zuazo 2013: 52, 2017: 60). Kasu honetan, menpeko perpaus osagarriko [euskalduna zara] proposizioa egia dela aurresuposatzen du hiztunak. Horregatik, ez da posible informazio hori ezeztatzea (3a).
| (3a) | Esan didate euskalduna zarena #baina ez da egia |
| (3b) | Esan didate euskalduna zarela baina ez da egia |
Aldiz, -ela konplementatzailea buru duen (2)-ko perpausa ez da faktiboa eta hiztunak ez du menpeko perpauseko adierazpenari buruz inolako aurresuposiziorik. Horren ondorioz, menpeko perpausa ukatu daiteke (3b).
Bestalde, -(e)na konplementatzailea buru duen perpaus osagarria ezin da galdegai edo foku gunean agertu (Zuazo 2013: 52, 2017: 60). Artiagoitiaren (2003: 647) arabera, arrazoia honakoa da: hiztunak perpaus osagarria egiazkoa dela jakintzat ematen duenez, ez du informazio berririk eskaintzen. Hortaz, ezinezkoa litzateke zer esan dizute? galderari (2)-ko perpausarekin erantzutea, bai ordea (1)-eko perpausarekin.
Perpausean duten kokaguneari dagokionez ere ez dira guztiz berdinak -(e)na eta -(e)la konplementatzailedun perpausak. Lehenengoa daraman adizkiak perpausaren amaieran agertzeko joera du (Euskaltzaindia 1999: 69); bigarrena buru duen perpausa, aldiz, aditz nagusiaren aurretik agertzea da ohikoagoa (4) (Artiagoitia 2003: 647):
| (4) | Euskalduna | zarela | esan | didate |
| Euskalduna | zara.ELA | esan | (3ABS).edun.3PL.ERG.1SG.DAT |
Honakoak hauek dira -(e)na konplementatzailearen aditz nagusi gisa agertu ohi diren aditz eta predikatuetako batzuk (Euskaltzaindia 1999: 68; Zuazo 2017: 60): aditu/ulertu, agerian egon, aitortu, argi egon, asmatu, bistan egon / bistakoa izan, dudarik ez eduki, egia izan, entzun, erakutsi, esan, ezagun izan, ezagutu, gezurra izan, gogoan eduki / gogoratu, akorduan eduki / akordatu, igarri, ikusi, itxura eduki, jakin / jakinekoa izan, konbentzituta egon, kontuan eduki / konturatu, seinale izan, sinistu, susmatu, ukatu, uste izan, seguru izan / seguru egon...
(2)-ko hizkera eredua, hots, perpaus osagarri faktiboetan -(e)na konplementatzailea erabiltzen duena, mendebaleko euskaran aurki daiteke (Zuazo 2004: 76; 2013: 52; 2017: 60). Bereziki, Bizkaian aurki daiteke Euskaltzaindiaren (1999: 67) eta Artiagoitiaren (2003: 646) arabera.
Zuazoren (2017: 60) arabera, baliteke konplementatzaile hau Arabatik hedatu izana, Lazarragaren izkribuetan asko aurki baitaiteke. Egun, Arabako Aramaioko euskaran oraindik badirau Ormaetxearen arabera (2002: 123).
Dena den, -(e)na ez da mendebaleko euskalkiaren eremu osoan berdin lekukotzen. Zuazoren (2017: 60) esanetan, konplementatzaile hau ez da Bizkaiko hego-mendebaldean erabiltzen, Orozkon eta Nerbioi ibarrean zehazki.
Hortik kanpo, Bizkaiko hainbat hizkeratan lekukotzen da, hala nola Lekeition (Hualde, Elordieta eta Elordieta 1994: 184-185), baina baita medebaldeko euskalkiaren sortaldeko hizkeretan ere, Deba Ibarreko hainbat herritan hain zuzen: Mallabia (Zuazo 2017: 60), Ermua (Aranberri 1996: 126) eta Elgoibar (Makazaga 2009: 197; Zuazo 2013: 52) adibidez. Dena den, hainbat eremutan indarra galtzen hasia da, Eibarren adibidez (Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitia 2005: 522). Makazagaren esanetan (2009: 197), Elgoibarren ere gazteek gero eta gutxiago darabilte, 50-60 urtetik gorakoen artean nahiko erabiltzen den arren.
Erdialdeko euskalkiari dagokionez, Gipuzkoako sortaldeko eta hegoaldeko hizkeretan entzun daitekeela dio Zuazok (2017: 60), Urolaldean eta Goierrin esate baterako. Hurtadok (2001: 119-121) azaltzen duenez, Otxoa Arin ordiziarraren eta Zegamako Dotrinaren adibideek erakusten dute XVIII. mendetik erabili izan zela -(e)na Goierrin eta ordutik literaturan hainbatetan agertu izan da. Noizbait Goierrin orokorra izan arren, gaur egun batez ere sartaldean aurki daitekeela dio Hurtadok (2001: 120), Urretxun adibidez.
Goierriko sortaldean, aldiz, indarra galduz doa, hala nola Beasainen (Agirrebeña, Alberdi, Mendiguren eta Sarasua 2007: 71-72) edo Zaldibian (Etxabe eta Garmendia 2003: 78). Eremu honetan -(e)na entzutekotan, hiztun zaharrenen ahotan entzuten da, gazteek -(e)la erabiltzen baitute (Hurtado 2001: 120; Etxabe eta Garmendia 2003: 78).
Goierritik ekialdera ere, Tolosaldean, -(e)na jada ez bide da erabiltzen, aurreko mendeetako lekukotasun idatzietan ageri arren (Hurtado 2001: 120-121). Orobat, Baztanen ere -(e)la nagusi dela diote Salaburu eta Lakarrek (2005: 156), mendebaleko euskalkietan ez bezala.
Oro har, datu-basearen emaitzak bat datoz aipatutako banaketa dialektalarekin. Mendebaleko euskalkian hizkera guztietan lekukotu da -(e)na konplementatzailea (2), baita Deba ibarreko hizkeretan ere. Horrez gain, erdialdeko euskalkian ere lekukotu da, Urolaldean hain zuzen (Azpeitian eta Beizaman).
Aldiz, Gipuzkoako erdialde eta iparraldean ez da (2)-ko hizkera eredua lekukotu. Orobat, ez da -(e)na konplementatzailea jaso Nafarroako hizkeretan, ezta Ipar Euskal Herriko hizkeretan ere.
Beraz, badirudi mendebaleko euskalkiaren ezaugarri nahiko argia dugula hau, Gipuzkoako sartaldean oraindik dirauena baina gutxika ekialdetik indarra galduz doana.
Euskaltzaindiak (1999: 67) dioenez, mendebaleko testuetan -(e)na konplementatzailearen joera aztertuz gero, ez dirudi faktibotasunak bi konplementatzaileen erabilera deskribatzeko arau zehatza eskaintzen duenik. Gehienez, literaturan -(e)na konplementatzailearekin erabili izan diren predikatuak aztertu eta joerak suma daitezkeela dio.
Agirrebeña, Aintzane, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren and Asier Sarasua. 2007. Beasaingo euskara. Herrizko hizkeraren azterketa eta ahozko ondarearen bilketa. Beasain: Beasaingo Udala
Aranberri, Fernando. 1996. Ermua eta Eitzako euskara. Ermua: Ermuko Udaleko Euskara Batzordea.
Artiagoitia, Xabier. 2003. «Complementation (noun clauses)». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 634-711.
Etxabe, Karmele and Larraitz Garmendia. 2003. Zaldibiako euskara. Zaldibia: Zaldibiako Udala.
Euskaltzaindia. 1999. Euskal gramatika. Lehen urratsak - V. Mendeko perpausak 1. Bilbo: Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.
Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.
Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.
Ormaetxea, Txipi. 2002. Aramaioko euskara. Aramaio: Aramaioko Udala.
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.
Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.
Zuazo, Koldo. 2004. Euskalkiak, herriaren lekukoak. Donostia: Elkar.
Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.


