Perpaus erlatiboak, oro har, izen-sintagmen barneko osagaiak dira, eta perpaus nagusiko elementuaren erreferentziakide izaten dira (Oihartzabal 1983; Euskaltzaindia 2011; Krajewska 2017). Sintagma jokatugabea bada, -tako menderagailua erabiltzen da (1), eta jokatua bada berriz, -(e)n (2) (Euskaltzaindia, 2011).
(1) | [Etxeberrik | berriki | itzulitako | eleberria] | erosi | dut |
[Etxeberri.ERG | berriki | itzuli.TAKO] | eleberri.ABS | erosi | dut |
(2) | [Etxeberrik | berriki | itzuli | du-en | eleberria] | erosi | dut |
[Etxeberri.ERG | berriki | itzuli | (3ABS).edun.3ERG.EN] | eleberri.ABS | erosi | dut |
Batzuetan, erreferentziakidea perpaus erlatiboaren aurretik ageri daiteke. Perpaus erlatibo horiei ‘aposiziozko erlatibo’ esaten zaie (Oihartzabal 2003). Buru gabeko erlatiboak izan ohi dira, deskribatzen edo mugatzen duten sintagmaren eskuin aldean egoten direnak eta, beraz, kasu horietan perpaus erlatiboa ez da izen-sintagmaren barnean egoten, adjuntu gisa baizik (Lafitte 1944; Euskaltzaindia 1999; Oihartzabal 2003; Krajewska 2017).
(3) | Eleberria, | [Etxeberrik | berriki | itzuli | du-en-a], | erosi | dut. |
Eleberri.ABS | [Etxeberri.ERG | berriki | itzuli | (3ABS).edun.3ERG.EN.ABS] | erosi | dut. |
Erabilienak eta arruntenak aurretik azaldutako moldeak —(1), (2) eta (3)— badira ere (Euskaltzaindia 1999; Biguri 2020), euskaraz beste molde batzuk ere baditugu erlatiboak eratzeko: zein erlatiboak, adibidez. Kasu horretan, izenak dioen bezala, zein bezalako galdera-izenordaina perpaus erlatiboaren hasieran kokatu eta izenordain erlatibo gisa erabiltzen dira. Izenordain erlatiboak anaforikoak dira eta, ondorioz, perpaus nagusian izan ohi dute erreferentziazko sintagma, ‘aurrekaria’ izenez ezagutzen dena (Lafitte 1944; Euskaltzaindia 1999). (4) adibidean, esaterako, aurrekaria edo erreferentziakidea perpaus erlatiboaren aurretik agertzen da. Horrez gain, perpaus erlatiboaren amaieran, aurreko kasuetan —(2) eta (3)— ikusi denaren antzera, aditz jokatuari –(e)n konplementatzailea txertatzen zaio (4) (Euskaltzaindia 1999, 2021; Lafon 1999; Oihartzabal 2003). Esan beharra dago galdera-izenordainak erreferentziakidearen kasua islatu dezakeela ((2) adibidean absolutiboa, esate baterako) baina ez dela ezinbestekoa1 (Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003).
(4) | Obaba, | [zein(a) | Atxagak | idatzi | duen,] | ederra | da. |
Obaba.ABS | [zein(a).ABS | Atxaga.ERG | idatzi | (3ABS).edun.3ERG.EN] | ederra | da |
Hainbat hizkeratan, baina, zein erlatiboetan bait- konplementatzaileaz baliatzen dira –(e)n menderagailuaren ordez (5) (Lafitte 1944; Txillardegi eta Aurrekoetxea 1987; Lafon 1999; Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003):
(5) | Obaba, | [zein(a) | Atxagak | idatzi | baitu,] | ederra | da. |
Obaba.ABS | [zein(a) | Atxaga.ERG | idatzi | BAIT.(3ABS).edun.3ERG] | ederra | da |
Beste hizkera batzuetan, berriz, ‘bait-erlatibo’ deiturikoak (Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003) erabiltzen dituzte. Hau da, (5)-en bezala bait- konplementatzaileaz baliatzen dira baina galdera-izenordainik gabe (6) (Lafitte 1944; Lafon 1999; Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003):
(6) | Landibarren | badira | lau | kartier | [horiek | baitira | Behaune, | Dona Martine, | Donostia | eta | Azkonbegi]. | (Oihartzabal 2003: 816) |
Landibar.INE | badira | lau | kartier | [horiek | BAIT.dira | Behaune, | Dona Martine, | Donostia | eta | Azkonbegi] |
Beste aposiziozko erlatiboen kasuan bezala, bait erlatiboak (6) ere aurrekariaren ondoren ager daitezke edo bereizita, perpausaren amaieran (Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003). Bestalde, galdera-izenordainen ordez izenordain erresunptiboak ager daitezke, aurrekariari erreferentzia egiten diotenak, alegia ((6) adibideko horiek erakuslea, esaterako) (Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003). Horrez gain, kasu batzuetan bait- menderagailuaren funtzioa erabat argi ez badago ere, orokorrean ez du esanahi zehatzik izaten. Azken finean, bait- kausa adierazteko ere erabiltzen denez, esaldi batzuk erlatibo edo kausalaren arteko anbiguotasuna izan dezakete (Euskaltzaindia 1999; 2021; Oihartzabal 2003). Perpaus erlatiboko aditzari dagokionez, perpausaren erdian edo bukaeran azaldu daiteke, baina izenordain erlatiboaren edo erresunptiboaren ondoren emateko joera dago, (6) adibidean ikusi daitekeen bezala (Euskaltzaindia 1999)
Oharrak:
1 Aldaera gisara zeina ere erabili izan da, baina badirudi ez dagoela inolako desberdintasunik esanahiari edo egiturari dagokionez bi formen artean (Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003). Halere, badirudi XVI. eta XVII. mendeetan determinatzaile gabe erabili ohi zela nagusiki (Oihartzabal 2003), eta XVIII. mendetik aurrera zeina forma gailendu zela Lapurdin eta Gipuzkoan (Oihartzabal 2003).
Badirudi zein galdera-izenordainarekin batera -(e)n edo bait- konplementatzailea erabiltzea euskalkien araberakoa dela eta, beraz, ez dagoela bestelako desberdintasunik (4) eta (5) adibideen artean (Oihartzabal 2003; Euskaltzaindia 2021). Oro har, lehena (4) mendebaldean erabiltzen dela gehienbat, eta bigarrena (5) ekialdean (Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003). Nafarreraz, berriz, biak erabili izan dira Euskaltzaindiaren (1999) arabera.
(4) eta (5) gisako ereduak arbuiatuak izan dira Euskal Herri osoan, XIX. mendetik aurrera bereziki (Oihartzabal 2003), pentsatzen zelako erdal eredu bati jarraituz moldatu zirela euskararako, eta ondorioz, erdal kutsua hartzen zietelako egitura horiei (Euskaltzaindia 1999, 2021; Lafon 1999; Oihartzabal 2003; Biguri 2020). Hala eta guztiz ere, esan beharra dago aspalditik eta euskalki guztietako testu idatzietan aurkitu izan direla halako ereduak (Lafon 1999; Euskaltzaindia 2021), zehatzago esateko, XVI. mende hasieratik (Oihartzabal 2003); eta euskara batua hedatu ahala erabiliagoak izaten hasi direla zein ereduko erlatiboak (Biguri 2020; Euskaltzaindia 2021), nahiz eta ez diren 1880ra arte erabili ziren bezainbeste erabiltzera itzuli (Oihartzabal 2003).
Bait- erlatiboak (6) XIX. mendean ekialdean garatu ziren (Lafitte 1944; Lafon 1999; Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003), aurreko bi ereduen ordezko gisara, eta XX. mendean erabili izan dituzte ekialdeko idazleek (Euskaltzaindia 2021). Lafonek (1999) Bonaparteren sailkapena oinarritzat hartuz, iparraldeko eta hegoaldeko nafarrean, euskara lapurtarrean, euskara zuberotarrean eta ekialdeko eta mendebaldeko behe-nafarrean erabiltzen direla dio; edo laburrago esateko, euskara bizkaitarrean eta giputzean izan ezik, euskalkia erabiltzen den Euskal Herriko eremu osoan. Oihartzabalen (2003) arabera, adituek (eta orokorrean gizarteak ere) erlatibo moldeekiko zuten iritziaren ondorioz, gaur egun bait- ereduko erlatiboak oso ohikoak dira ekialdean, zein izenordaineko erlatibokoak ez bezala.
Datu-basean ez da zein… bait- ereduko erlatiboa (5) inon jaso, baina bait- eredukoak euskara nafar-lapurtarra eta zuberotarra erabiltzen diren eremuetan jaso dira; hain zuzen ere, Larresoron, Oragarren, Ziburun eta Urdiñarben. Horrez gain, euskara nafarreko sortaldeko azpieuskalkian eta Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdeko eta Aezkoa ibarreko tarteko hizkeretan ere lekukotzen da (Zuazoren (2014) sailkapenaren arabera). Labur esateko, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa ekialdean jaso da (6) eredua, eta hori bat dator aurretik hainbat autorek (Lafitte 1944; Lafon 1999; Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003) esandakoarekin.
Bestalde, lehenago aipatu bezala, zein izenordainarekin eratutako erlatiboak arbuiatuak izan ziren XIX. mendetik aurrera (Euskaltzaindia 1999, 2021; Lafon 1999; Oihartzabal 2003; Biguri 2020), eta ondorioz, ekialdean horiek ordezkatzeko bait- eredua erabiltzen hasi ziren (Lafitte 1944; Lafon 1999; Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003). Orain euskara batua hedatzen joan den heinean, mendebaldean galdera izenordaineko erlatiboak egitura gehigarri gisara hasi dira erabiltzen (Biguri 2020; Euskaltzaindia 2021), baina ekialdean, jada bait- motakoak erabiltzen direnez, posible da beste egiturarik erabiltzen hasteko beharrik ez izatea (Oihartzabal 2003).
Perpaus erlatiboak esanahiari dagokionez bi multzotan bereizten dira: erlatibo murrizgarriak eta ez-murrizgarriak. Izenak dioen bezala, lehen motakoek aurrekaria murrizten edo mugatzen dute, eta ez-murrizgarriek, aldiz, aurrekariari buruzko informazioa gehitzen dute (Goenaga 1980; Euskaltzaindia 1999, 2021; Oihartzabal 2003). Goenagaren (1980) arabera, bi interpretazioak formalki bereizi daitezke, ez-murrizgarriek eten bat tartekatu eta izenaren eskuinetara kokatzen direlako. Biguriren (2020) hitzetan, baina, konplexuagoa da formalki nola desberdintzen diren ondorioztatzea, erlatibo ez-murrizgarriak euskal tradizio literarioan komarekin zein koma gabe aurki daitezkeelako. Besteak beste, Villasante, Mitxelena, Arejita edo de Rijken iritziz (Biguri 2020), zein izenordainarekin eratutako erlatiboek ez-murrizgarri interpretazioa besterik ez dute (Euskaltzaindia 1999; Oihartzabal 2003; Biguri 2020), baina beste hainbaten ustez balio ez-murrizgarriarekin ez ezik, murrizgarri gisa ere erabil daitezke (Euskaltzaindia 1999).
Krajewskak (2017) irakurketa bakoitzak euskal idazle klasikoen artean izan duen maiztasuna aztertu du, eta datuen arabera, erlatibo arrunten (-(e)n menderagailuaren bidez eratutakoen) %97,8k balio murrizgarria du. Hori oinarritzat hartuz, badirudi balio murrizgarriarentzat erlatibo arruntak eta ez-murrizgarriarentzat zein erlatiboak erabiltzen zirela, edo beste hitz batzuetan esateko, interpretazio bakoitzak bere eredua zuela. Aurretik esan bezala, ordea, zein izenordainarekin eratutako erlatiboak gaitzetsiak izan ziren, eta horren ondorioz, posible da -(e)n erlatiboek irakurketa ez-murrizgarria ere bereganatu izana (Biguri 2020). Hala eta guztiz ere, balio ez-murrizgarria adierazi nahi bada, Garziarentzat (1997) egokiena zein —(4) edota (5)— edo bait- (6) motako erlatiboak erabiltzea da, nahitaez zentzu ez-murrizgarrian interpretatzen direlako bere ustez eta, beraz, modu horretara egon daitezkeen anbiguotasunak saihestu daitezkeelako.
Biguri, Koldo. 2020. Perpaus erlatiboen balio semantikoa euskal gramatika-azterlanetan/Semantic value of relative clauses in Basque grammatical studies. Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 54(1-2), 225-250. Bilbo: UPV/EHU.
Euskaltzaindia. 1999. Euskal gramatika. Lehen urratsak - V. Mendeko perpausak 1. Bilbo: Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Euskaltzaindia. 2011. Euskal gramatika. Lehen urratsak VII. Perpaus jokatugabeak. Bilbo: Euskaltzaindia.
Euskaltzaindia. 2021. Euskararen gramatika. Bilbo: Euskaltzaindia.
Garzia, Juan. 1997. Joskera lantegi. Gasteiz: IVAP.
Goenaga, Patxi. 1980. Gramatika bideetan. Donostia: Erein.
Krajewska, Dorota. 2017. Euskararen sintaxi diakronikorantz: egitura konplexuak. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]
Lafon, René. 1999. La particule bait en basque: ses emplois morphologiques et syntaxiques. In Jean Haritschelhar eta Piarres Charritton (arg.), Vasconiana. Iker 11. Bilbao: Euskaltzaindia. 667-693.
Oyharçabal, Beñat. 1983. Euskarazko erlatiboez oharño bat. In Euskaltzaindia (arg.), Piarres Laffiteri omenaldia. Iruñea: Aranzadi. 517-528.
Oyharçabal, Beñat. 2003. «Relatives». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 762-823.
Txillardegi and Gotzon Aurrekoetxea. 1987. Euskal dialektologiaren hastapenak (2.ed.). Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea (UEU).
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.