Euskaraz agintera adierazteko bi modu ditugu: (i) b- aurrizkia aditzaren erroari atxikiz (1a) (1c) edo (ii) orainaldiko subjuntibo formari -(e)la konplementatzailea gehituz (1b) (1d) (Azkue 1925; Hualde eta Ortiz de Urbina 2003; Oyharçabal 2000; de Rijk 2008). Bi kasuotan adizkia sintetikoa –(1a) eta (1b)– edo analitikoa –(1c) eta (1d)– izan daiteke:
(1a) | Betor | Andres | nirekin | etxera | (Zubizarreta [de Cervantes, 1605], 2005: 26) |
3ABS.IMP.etor | Andres | ni.SOC | etxe.ALL |
(1b) | Doala | infernuko | zulora | (Zubizarreta [Mahfuz, 1947], 2006: 213) |
3ABS.joan.(E)LA | infernu.GEN | zulo.ALL |
(1c) | Laster | etor | bedi | (Larzabal, 1952: 8) |
laster | etor | 3BS.IMP.*edin |
(1d) | Ongi | joan | dadila | gaurko | eguna | (Apalauza [Drakulic, 1999], 2018: 51) |
ongi | joan | 3ABS.*edin.(E)LA | gaur.GEN | egun.ABS |
Adizki analitikoei dagokienez, subjektuaren arabera aldatzen da forma: subjektua lehen pertsonakoa denean, -(e)n konplementatzailea erabili ohi da, baina -(e)la ere erabil daiteke (Goenaga 1997; Orbegozo 2017); eta hirugarren pertsonakoa bada, subjuntiboari -(e)la konplementatzailea gaineratzen zaio. Bigarren pertsonako subjektuekin, berriz, ez da konplementatzailerik gehitzen (Hualde eta Ortiz de Urbina 2003; Oyharçabal 2000). Ezezko aginduetan ere, oro har, eredu bera aurkitzen dugu, hots, subjektutzat bigarren pertsona duten adizki analitikoak ezeztatzean, ez da konplementatzailerik gaineratzen (2). Hizkera batzuetan, ordea, ‘hautazkoa’ edo ’desirazkoa’ deritzenak (Orbegozo 2017) erabiltzen dira aginteraren ordez; hau da, -(e)la konplementatzailea gehitzen zaio adizkiari (3), subjektua lehen edo hirugarren pertsonakoa denean gertatzen den bezala:
(2) | Ez | zaitez | joan |
ez | 2ABS.edin.IMP | joan |
(3) | Ez | zaitezela | joan |
ez | 2ABS.edin.ELA | joan |
Badirudi askok -(e)la gabeko (2) eta -(e)la atzizkidun (3) aginte perpausak ez dituztela modu berean interpretatzen: askorentzat lehena benetako agindua edo debekua da; bigarrenak, berriz, desira edo erregu kutsua du (Inchauspe 1858; Lafitte 1944; Goenaga 1997; Orbegozo 2017). Nolanahi ere den, soilik -(e)la atzizkidun aginte perpausak erabiltzen dituztenentzat, pentsa liteke egitura bakarrak bi esanahien arteko anbiguetate izango duela, ezeztapena aditz jokatuaren bidez egiteko bide bakarra hori baitute (Orbegozo 2017; de Rijk 2008).
Badirudi aginte perpausaren ezeztapenerako ‘hautazko’ edo ’desirazko’ egitura (-(e)la atzizkidun egitura, alegia) erabiltzea ekialdeko euskalkien ezaugarria dela (Hualde eta Ortiz de Urbina 2003; Orbegozo 2017; de Rijk 2008). Hala eta guztiz ere, Orbegozoren (2017) hitzetan, bigarren pertsona subjektutzat duten ezezko perpausetan -(e)la atzizkia erabiltzea ez da ekialdean soilik gertatzen, mendebaldean eta erdialdean ere jasotzen direlako. Hala eta guztiz ere, aurretik aipatu dudan bezala, semantikoki izan dezaketen desberdintasuna aintzat hartu beharrekoa da.
Datu-basean hizkera eredu hau (3) euskara nafarrean (Arbizun, Baztango Arizkunen, Goizuetan, Erroibarko Mezkiritzen eta Orbaizetan), nafar-lapurtarrean (Oragarren eta Ziburun) eta zuberotarrean (Urdiñarben) jaso da. Ondorioz, lortutako datuen arabera, badirudi Zuazok (2014) ekialdekotzat duen eremutik zabaldu eta euskara nafarrean hedatu dela ezaugarri hau; baita euskara nafar-lapurtarreko hizkera kostatarrean ere. Hala eta guztiz ere, interesgarria izango litzateke jakitea ea ezaugarri hau lekukotzen den eremuetan (ekialdetik kanpo kokatzen direnetan, bereiziki) -(e)la atzizkidun aginte perpausa besterik ez duten onartzen edota bi egiturak erabiltzen dituzten testuinguruaren arabera.
Egile batzuen ustez, atzizkia erabiltzen duten aginte perpausak menpeko perpausak dira, nahiz eta perpaus nagusia ez den ageri (Goenaga 1997; Euskaltzaindia 1999). Ideia hori defendatzeko Euskaltzaindiak (1994, 1999) hiru arrazoi ematen ditu. Lehenik, aginterazko egitura atzizkidunean ezin da alokutiborik gaineratu, menpeko perpausetan bezala (ez hadi(*la) joan). Bigarrenik, -(e)la (edo subjektua lehen pertsonakoa den kasuan -(e)n) konplementatzailea dago; bestelako menpeko perpausetan bezalaxe (esate baterako, [liburua erosi duela] esan digu). Eta azkenik, perpaus juntatuek ez bezala, aginterazko perpaus atzizkiduna lekuz alda daiteke esanahia aldatu gabe. Lekuz aldatu ahal izatea adierazgarria da. Izan ere, juntadura bidez lotutako perpausetan esanahia alda daiteke ordenaren arabera (esate baterako, ez da gauza bera gutuna idatzi nion eta haserretu egin zen edo haserretu egin zen eta gutuna idatzi nion esatea). Halakorik ez da gertatzen menpekoetan; berdin interpretatu ohi ditugu ez zaitezela joan eskatu nahi dizut eta eskatu nahi dizut ez zaitezela joan.
Orbegozoren (2017) hitzetan, konplementatzailearen erabilera benetako ezezkako aginte perpausik ez izatearekin lotua egon liteke. Izan ere, Postma eta Van der Wurff-ek (2007) ondorioztatu zutenez, perpaus barruko ezeztapen partikula anaforikoa (ingelesaren kasuan no) eta perpausa bera ezeztatzeko partikula (ingelesaren kasuan not) bera duten hizkuntzek subjuntiboa bezalako estrategietara jo behar dute, ez baitute benetako ezezkako aginte perpausik. Horri lotuta, mendebaldeko euskaran, 1400 eta 1600 urteen artean ez beharrean ze erabiltzen zen aginterako ezeztapen partikula gisa (Lakarra eta Mounole 2015: 441); ze eta ez bereizten zituzten eta, ondorioz, benetako ezezkako aginte perpausa bazutela pentsa liteke. Ekialdean, berriz, ez partikula besterik ez zutenez, -(e)la konplementatzailea erabili beharra zuten, estrategia osagarri batera jotzea ezinbestekoa zutelako (Orbegozo 2017).
Azkue, Resurrección Maria. 1925. Morfología Vasca. Bilbao: Euskaltzaindia. [Berrargitalpena 1969, Bilbao: LGEV, 3 ale].
de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.
Euskaltzaindia. 1994. Euskal Gramatika. Lehen urratsak IV. Juntagailuak. Bilbo: Euskaltzaindia.
Euskaltzaindia. 1999. Euskal gramatika. Lehen urratsak - V. Mendeko perpausak 1. Bilbo: Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina (eds.). 2003. A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.
Inchauspe. 1858. Le verb basque. Baiona-Paris: Imprimerie de Veuve Lamaignère-Benjamin Duprat. [Reprinted in 1979. Donostia: Hordago]
Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]
Lakarra, Joseba Andoni and Céline Mounole. Argitaratzeko. Euskara Arkaikoa. J. Gorrochategui, I. Igartua eta J. A. Lakarra (arg.), Euskararen Historia. 345-468. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
Orbegozo, Itziar. 2017. «Zatoz! Agindua Da! Euskal aginteraren azterketa formal baterako lehen urratsak». Fontes Linguae Vasconum, (123), 87-114.
Oyharçabal, Beñat. 2000. «Note à propos des formes jussives préfixées en b- du basque». Lapurdum, 5: 225-235.
Postma Gertjan eta Wim van der Wurff. 2007. «How to say no and don't: Negative imperatives in Romance and Germanic». W. Van der Wurff (ed.), Imperative clauses in generative grammar (205-249.orr). John Benjamins Publishing Company.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.