Perpaus osagarri ez-faktiboetan,1 -(e)la konplementatzailea azaldu ohi da (1). Hauxe da konplementatzaile orokorra, erabilera hedatuena duena (Euskaltzaindia 1999: 46).
| (1) | Uste | duzue | dirua |
| uste | (3ABS).edun.2PL.ERG | dirua | |
| nik | ostu | dudala? | |
| ni.ERG | ostu | (3ABS).edun.1SG.ERG.ELA |
Hizkera batzuetan, aldiz, -(e)nik konplementatzailea hartzen dute perpaus ez-faktiboetako menpeko perpausek (de Rijk 1972: 170):
| (2) | Uste | al | dezute | dirua |
| uste | al | (3ABS).edun.2PL.ERG | dirua | |
| nik | ostu | dedanik? | ||
| ni.ERG | ostu | (3ABS).edun.1SG.ERG.EN.PRTV |
Konplementatzaile hau konplexua da, -(e)n konplementatzailea eta -ik partitiboa batuz eratzen baita (Euskaltzaindia 1999: 69; Etxepare 2003: 553). Hain zuzen ere, -(e)nik ezezko edo galderazko testuinguruetan agertzen da, partitiboa bezalaxe (Artiagoitia 2003: 645; de Rijk 2008: 456).
Artiagoitiak (2003: 646) dioenez, ezezko perpaus nagusi baten perpaus osagarria da -(e)nik agertzeko testuinguru sintaktiko ohikoena (3). Hain zuzen, Lakak (1990) ezezko konplementatzailetzat hartzen du.
| (3) | Ez dut uste etoriko denik |
Ageriko ezeztapena duten perpausetan agertzeaz gain, bestelako ezezko testuinguruetan ere ager daiteke, hala nola berez ezezko esanahia duten aditzen (ukatu esaterako) perpaus osagarri gisa (Laka 1990: 210; de Rijk 2008: 456):
| (4) | Ukatu du etorriko denik |
Dena den, bai/ez galderen osagarri gisa ere ager daiteke -(e)nik buru duen perpausa, (2) perpausean adibidez. Euskaltzaindiaren (1999: 72) arabera, galde-perpausetan -(e)la izaten da ohiko konplementatzailea; hala ere, -(e)nik agertzen da hizkera batzuetan eta are idatzizko testu batzuetan ere (5):
| (5) | Ik ez al dun siñesten begia betzuloan ikara ta dardar dabilenean, begizkoa jaurtitzen duenik? | (Orixe, Mireio, 31) |
Galderetan -(e)nik erabiltzekotan, sakonean ezezkako esanahia duten galdera erretorikoak diren perpausak izaten dira bereziki (Euskaltzaindia 1999: 69).
Oharrak:
1 Perpaus faktiboetan, perpaus osagarriak adierazten duena egiazkotzat ematen du hiztunak (ikus 63. kapitulua). Aldiz, perpaus osagarri ez-faktiboetan, ez da perpaus osagarriaren egiazkotasuna aurresuposatzen. Hiztunak ez du ziurtasunik erakusten perpaus osagarriak adierazten duenarekiko (Mujika 1980; Goenaga 1984). Esate baterako, (1)eko perpausean ez da aurresuposatzen dirua hiztunak ostu duela; hala izan daiteke edo ez.
Banaketa dialektalari dagokionez, -(e)nik konplementatzailea Hego Euskal Herrian aurki daiteke (Euskaltzaindia 1999; de Rijk 2008). Badirudi aurreko bi mendeetan hedatu dela Hego Euskal Herrian konplementatzaile honen erabilera, autore zaharragoek -(e)la erabiltzen baitzuten (Euskaltzaindia 1999: 69). Zehazki, Zuazok (2008: 214) -(e)nik mendebaleko eta erdialdeko euskaran aurki daitezkeela dio; euskara nafarrean -(e)la erabiltzen omen da. Hala ere, Nafarroako ipar-mendebaldean -(e)nik bildu du gehienbat Apalauza Ollok (2010: 441-442).
Iparraldeko hizkeretan, aldiz, arrotza da -(e)nik (de Rijk 2008; Zuazo 2008) eta -(e)la erabiltzen da bai ezezko bai galderazko perpausetan. Horren berri dakar Epeldek (2004a, 2004b), adibidez, Larresoroko eta Hazparneko hizkeretan.
Hegoaldeko hizkera askotan -(e)nik ezezko perpausetan (3) agertu ohi dela deskribatzen dute lan dialektologikoek. Hala jaso da, besteak beste, Lekeition (Hualde, Elordieta eta Elordieta 1994), Ermuan (Aranberri 1996), Elgoibarren (Makazaga 2009) eta Goierriko hainbat hizkeratan (Hurtado 2001): Zaldibian (Etxabe eta Garmendia 2003) eta Beasainen (Agirrebeña, Alberdi, Mendiguren eta Sarasua 2007) adibidez. Herri-hizkeren gramatika horietako batzuetan, hala nola Ermukoan (Aranberri 1996) eta Elgoibarkoan (Makazaga 2009), galderazko perpausetan (2) ere ager daitekeela aipatzen da.
Nafarroarantz egin ahala, -(e)nik konplementatzailearekin batera -(e)la ere ageri da, Bortzirietan eta Baztanen adibidez. Bortzirietan (Zelaieta 2005), -(e)la nagusi da ezezko perpausetan ere, eta -(e)nik noizbehinka erabiltzen da. Baztanen ere -(e)nik gutxi entzuten dela aipatzen dute Salaburu eta Lakarrek (2005), eta honen ondoan -(e)n (ikus 62. kapitulua) edo -(e)la ager daitezkeela, askoz ohikoagoak.
Banaketa dialektalean deskribatu dugun bezala, Hego Euskal Herriko hainbat hizkeratan erabiltzen da -(e)nik konplementatzailea ezezko perpausetan (3). Alabaina, datu-basean aztergai izan dugun hizkera eredua (2)-koa izan da, hots, -(e)nik konplementatzailea ezezko perpausetan ez ezik, galderetan ere erabiltzen duena.
(2)-ko perpausez galdetzean, bi hizkeratan soilik jaso dugu baiezko lekukotasuna. Batetik, Nafarroako Goizuetan, erdialdeko euskararen eta euskara nafarraren arteko hizkeran. Bestetik, Itsasondon, erdialdeko euskaran. Beraz, badirudi (2) bezalako galderetan eremu murritzagoa hartzen duela konplementatzaile honek ezezko perpausetan baino, euskararen eremuko erdigunera mugatuz.
Atal honetan -(e)nik eta -(e)la konplementatzaileen arteko banaketaz labur jardungo dugu. Izan ere, -(e)nik ezezko testuinguruetan ageri den konplementatzailetzat aurkeztu dugun arren, ezezko perpausetan -(e)la adierazpenezko konplementatzailea ager daitezke kasu batzuetan (6). Bata zein bestea hautatzeak desberdintasun semantikoak eragiten ditu (Laka 1990: 217).
| (6a) | Ez [didate esan [Jon etorriko denik]] |
| (6b) | [Ez didate esan [Jon etorriko dela]] |
Aurresuposizioekin eta ezeztapenaren esparruarekin du zerikusia (6a) eta (6b)-ren arteko alde semantikoak (Laka, 1990: 218; Euskaltzaindia 1999: 75). (6a) perpausean, ezeztapenak perpaus osagarria barne hartzen du, eta ondorioz, perpaus osagarriak -(e)nik ezeztapenezko konplementatzailea du buru. (6b) adibidean, aldiz, perpaus osagarria ez dago ezeztapenaren esparruan; ezeztapenak esan aditz nagusia soilik barne hartzen du.
Ezeztapenaren esparruak eragina du perpausen esanahian. Lehenengoan (6a), [[Jon etorriko da] esan didate] adierazpen osoa ezeztatzen da. Adierazpen guztia ezeztatu denez, ez dago inolako aurresupozisiorik menpeko perpausaz –hots, Jonen etorreraz–. Aldiz, bigarren perpausean (6b), esan aditz nagusia bakarrik ezeztatzen da, [Jon etorriko da] proposizioaren egiazkotasun aurresuposiziorik gabe. Beraz, Jonen etorrerari buruzko aurresuposizioak egin daitezke, etorrera egia izan daiteke zein ez, ezeztapenetik kanpo gelditzen baita. Lakaren (1990: 218) arabera, -(e)la konplementatzaileak zehazki egiaren aurresuposizioa dakar eta (6b) perpausean Jonen etorrera gertatu dela aurresuposatzen du hiztunak.
Agirrebeña, Aintzane, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren and Asier Sarasua. 2007. Beasaingo euskara. Herrizko hizkeraren azterketa eta ahozko ondarearen bilketa. Beasain: Beasaingo Udala
Apalauza, Amaia. 2010. Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkeren egitura geolinguistikoa. Ph.D. Diss., Gasteiz: UPV/EHU.
Aranberri, Fernando. 1996. Ermua eta Eitzako euskara. Ermua: Ermuko Udaleko Euskara Batzordea.
Artiagoitia, Xabier. 2003. «Complementation (noun clauses)». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 634-711.
de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.
de Rijk, Rudolf P.G. 1972. «Partitive assignment in Basque». International Journal of Basque Philology (ASJU), VI: 130-73.
Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.
Epelde, Irantzu. 2004b. Larresoroko azterketa. Dialektologia azterketa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Etxabe, Karmele and Larraitz Garmendia. 2003. Zaldibiako euskara. Zaldibia: Zaldibiako Udala.
Etxepare, Ricardo. 2003. «Valency and argument structure in the Basque Verb». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 363-425.
Euskaltzaindia. 1999. Euskal gramatika. Lehen urratsak - V. Mendeko perpausak 1. Bilbo: Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Goenaga, Patxi. 1984. Euskal sintaxia: konplementazioa eta nominalizazioa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.
Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.
Laka, Itziar. 1990. Negation in syntax: on the nature of functional categories and projections. Ph.D. Diss., MIT.
Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.
Mujika, José Antonio. 1980. «Zenbait konpletiboren azterketa J. Leizarragan». Euskera, XXV (2). 597-629.
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.
Zelaieta, Edu. 2005. «Bortzerrietako euskara, herriz herri (ez)berdintasunetan barrena (II)», FLV, 37, (99 zb.). 287-306.
Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.


