viii.1. Baldintza hipotetikoetako apodosian *edin/*ezan (v izan/*edun)
Egilea: Cecilia Fernández
Nola aipatu: Fernández, Cecilia. (2022). Baldintza hipotetikoetako apodosian *edin/*ezan (v izan/*edun). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=8&e=54&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Euskara estandarrean, eta hainbat hizkeratan, baldintza hipotetikoa adierazterakoan, baldintzazko perpausaren ondoriozko atalean, hots, apodosian, aditz nagusia aspektu prospektiboarekin adierazten da (-ko edo -ren morfemen bitartez) eta izan/*edun erroko aditz laguntzailea erabiltzen da. Hala, (1) adibidean ikusten denez, aditz nagusia aspektu prospektiboa markatzeko -ko morfemarekin ageri da (etorriko), eta aditz laguntzaileak (ginateke), izan erroko alegiazko adizki gisa itxuratzen da da, hau da, baldintza hipotetikorako adizki gisa:

(1) Eguraldi ona egingo balu,
eguraldi ona.ABS egin.PROS BA.MOD.(3ABS).3ERG
etorriko ginateke
etorri.PROS 1PL.ABS.izan.PST.MOD

Ekialdeko zenbait hizkeratan, ordea, testuinguru honetarako ahalerako formak erabiltzen dira, alegia, [aditzoina + *edin/*ezan+ -ke] egitura erabiltzen da. (2) adibidean ikusten denez, etorri aditz nagusia oraingoan ez da aspektu prospektiboko markekin ageri, eta horren ordez aditzoina (etor) aurkitzen dugu. Bestalde, aditz laguntzaileari dagokionez, izan erroko adizkiaren ordez, *edin errokoa dugu (gintezke):

(2) Eguraldi ona egiten balu,
eguraldi ona.ABS egin.IPFV BA.MOD.(3ABS).3ERG
etor gintezke
etor 1PL.ABS.edin.PST.MOD
Datu-basearen emaitzak

Gure datu-basean, ipar-ekialdeari dagozkion hizkeretan aurkitzen dugu lekukotuta aldaera hau, hots, nafar-lapurterari eta zuberotarrari dagozkion hizkeretan. Hala, (2) bezalako aldaeraren erabileraren berri ematen dute Ziburuko, Oragarreko eta Urdiñarbeko erantzunek; ez, ordea, Nafarroako hizkeretako lekukotasunek, ezta ere, handik mendebalderagokoek (erdialdeko eta mendebaleko hizkeretakoek) ere.

Eztabaida teorikoa

EGLU II-k (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 380), bi aldaera hauen berri ematen du, gaurko ekialdeko euskalkiei dagokiela zehaztuz. De Rijken (2008: 424, 646) gramatikan ere egitura hau jasotzen da, Iparraldeko hizkerei egotziz. De Rijkek azaltzen du hizkera hauetan ahalerazko baldintza (zehatzago esanda, ahaleraren forma hipotetikoa) ere indikatiboko baldintza bezala interpretatu daitekeela. Aldiz, ahaleraren semantika adierazi nahi denean ahal modalaren bitartez egiten da (erosten ahal nuke bezalako egituraren bidez). Egitura honetaz, ikus datu-base honetako 68. kapitulua.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]