viii.3. Ahalera ahal modalaren bidez: apurtzen ahal da (v apur daiteke)
Egilea: Cecilia Fernández
Nola aipatu: Fernández, Cecilia. (2022). Ahalera ahal modalaren bidez: apurtzen ahal da (v apur daiteke). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=8&e=56&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Ahalera adierazterakoan, hainbat hizkeratan erabiltzen den aditz egitura (1) adibideari dagokiona da, hau da, aditzoina erabiltzen da aditz nagusirako eta aditz laguntzailea *edin edo *ezan errokoa da, bere ahalerako forman (hau da, -ke morfemaren bidez markatua):

(1) Leihoa apur daiteke
leiho.ABS apur (3ABS).edin.ke

Dena dela, hau ez da euskaraz lekukotu daitekeen egitura bakarra ahalera adierazteko. Badaude, hizkeraren arabera, beste bi egitura balio berarekin erabiltzen direnak. Ekialdeko hainbat hizkeratan Hizkera eredua 1 deituko diogun egitura erabiltzen da: aditz laguntzailea aspektu burutugabeko morfologiarekin (beraz, -t(z)en morfemarekin) markatzen da eta ondoren ahal modala gaineratzen da, aditz nagusia eta laguntzailearen artean. Honela (2) bezalako perifrasia sortzen da:

(2) Leihoa apurtzen ahal da
leihoa.ABS apur.IPFV ahal 3ABS.izan

Bestalde, badira beste hizkera batzuk non Hizkera eredua 2 deitu dugun egitura jarraitzen den. Kasu honetan, aurreko ereduan bezala (2), perifrasi bat osatzen da ahal modala aditz nagusia eta laguntzailearen artean tartekatuz, baina oraingoan, aditz nagusia partizipio burutuko forman ageri da, (3) adibidean ikusten denez:

(3) Leihoa apurtu ahal da
leihoa.ABS apur.PTCP ahal (3ABS).izan
Banaketa dialektala

Gure datu-baseak erakusten duen bezala, eta gramatikariek deskribatu bezala, Hizkera eredua 1 ekialdeari dagokio. Hala, ekialdeko hizkerak deskribatzen dituzten zenbait lanetan, egitura honen erabileraren berri ematen dute. Salaburu eta Lakarrek (2005: 142) hala deskribatzen dute Baztango hizkerarako; haien ustetan, egitura hau usuago erabiltzen da ahalerako adizki trinkoekin osatutakoa baino, eta zalantzarik gabe, Hizkera eredua 2 baino gehiago, hau arrotza egiten baita Baztanen. Nafarroan oro har Hizkera eredua 1 erabiltzen den arren, Zuazok (2010: 131) argi azaltzen du ez dela honelakorik Sakanako eta Burundako hizkeretan. Joera hau ere gure datu-basean ageri da.

Mendebalean, ordea, Hizkera eredua 2 erabiltzen da sarritan. Gaminde eta bestek (2012) aztertutakoaren arabera, Bermeoko belaunaldi gazteenek ahalerazko trinkoak baino askoz gehiago erabiltzen dute egitura hau.

Datu-basearen emaitzak

Hizkera eredua 1 deitu diogunari dagokionez, (2) adibideari dagokion egitura, datu-base honetan jasotako datuek erakusten dutena da ekialdeko hizkerei dagokien egitura dela bai Iparraldekoei (nafar-lapurtera zein zuberotarra) bai Nafarroako zenbaiti ere. Hala, Ziburu, Oragarre eta Urdiñarbeko lekukotasunez gain, Arizkunen (Baztanen), Mezkiritzen (Erroibarren), zein Orbaizetan ere jasotzen da aldaera hau. Ez dugu halakorik aurkitzen Urdiainen ez Arbizun, hainbatetan bezala, Nafarroako hizkeren joeratik aldentzen baitira Burundako eta Sakanako hizkerak ezaugarri honi dagokionez ere. Azpimarragarria da, agian, Goizuetan ere ez dela egitura hau jaso. Bestalde, egitura hau ez da lekukotzen mendebalderagoko beste ezein hizkeratan ere.

Aldiz, Hizkera eredua 2 delakoak (3) erakusten duen hedadura guztiz bestelakoa da. Guztiz dagokie mendebaleko hizkerei, eta hala, Getxon, Loiun, Mungian, Artean, Gernikan, Lekeition, Aramaion, Bergaran eta Elgoibarren lekukotu dugu datu-base honetan. Ez da egitura hau jaso handik ekialdera, ez erdialdeko hizkeretan, ez Nafarroakoetan, ezta nafar-lapurteraz edo zuberotarrez ere.

Eztabaida teorikoa

EGLU IIn (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 459) ohartarazten da ekialdean ahal modalarekin osatutako ahalerazko perifrasiak maizago aurkitzen direla (Hizkera eredua 1 motako perifrasiez ari delarik). Hauek ezezkoan ere agertu daitezke, eta kasu honetan, aditz laguntzailea aurreratu egiten da, ezezko partikularen ondoren ager dadin, eta modala aditz nagusiaren ondoan geratzen da:

(4) Ez dut hori onartzen ahal
ez (3ABS).edun.1ERG hori onar.IPFV ahal

Azpimarragarria da, De Rijkek (2008: 654-658) ohartarazi zuen bezala, Hizkera eredua 1 deitu dugun egitura arazo gabe ezeztatu daitekeen arren, betiere hitz-hurrenkeraren aldaketa errespetatuz, Hizkera eredua 2ko perifrasia ezin dela ezezkoan eman. Hizkera hauetan, ezezkoa emateko, ahal modalaren ordez, ezin erabili behar da.

De Rijken arabera (2008: 653), ekialdean, ahal modalaren bitartez ahalerazko moduaren (edo potentzialaren) balio semantiko guztiak adieraz daitezke: gaitasuna, aukera, baimena zein ahalmena. Mendebalderagoko hizkeretan, ordea, ohikoagoa da ahalerazko adizki trinkoekin adieraztea ahalmena, beste balio guztietarako ahal bidezko perifrasia zilegi delarik.

Azkenik, aipagarria da EGLU II-ren arabera (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 459) Hizkera eredua 1eko egiturak literatur-tradizio handiagoa badu ere, gaur egun Hizkera eredua 2koa jasotzen dela maizago, hau betiere mendebal zabaleko hizkeretan bada ere.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Gaminde, Iñaki, Asier Romero and Hiart Legarra. 2012. Gramatika eta hizkuntz bariazioa Bermeon. Amorebieta: Erroteta.

Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.

Zuazo, Koldo. 2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruña: Nafarroako Gobernua; Bilbo: Euskaltzaindia.