Hainbat hizkeratan, menturazko etorkizuna —hau da, ziurtasun maila txikiago batekin adierazi nahi den geroaldiko forma— adierazteko, aspektu prospektiboko morfologia erabiltzen da, eta beraz, -ko edo -ren morfemekin markatzen da aditz nagusia, (1) adibidean bezala:
(1) | Gure | anaia | ezagutuko | duzu |
gure | anaia.ABS | ezagut.PROS | 3ABS.edun.2SG.ERG |
Alabaina, ekialdeko hizkeretan, bada beste estrategia bat menturazko etorkizuna adierazteko. Kasu honetan, izan edo *edun erroko aditz laguntzailea markatzen da, -ke morfema gaineratuz. Bestalde, aditz nagusiak aspektu burutugabeko morfologia agertzen du (-t(z)en morfema), (2) adibidean ikusten den moduan:
(2) | Gure | anaia | ezagutzen | dukezu |
gure | anaia | ezagut.IPFV | (3ABS).edun.MOD.2SG.ERG |
Datu-base honetako laginean, estrategia honen erabilera ipar-ekialdeko hizkeretan lekukotu da, hau da, nafar-lapurtarrari eta zuberotarrari dagozkion hizkeretan: Ziburu, Oragarre eta Urdiñarbe. Ez nafar hizkeretan, ez erdialde edo mendebalekoetan ez da egitura hau jasotzen.
EGLU IIn (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 412-413) adierazten denez, -ke morfema aditzaren modua adierazteko erabiltzen den marka morfologikoa da. Marka honek hainbat balio har ditzake eta horietako bat menturazkoa da, baina, EGLUk berak ohartarazten duenez, balio hau ekialdeko euskalkietan baino ez dugu aurkitzen. Honen lekuan, mendebaleko hizkerek aspektu prospektiboaren morfologia erabiltzen dute. Bestalde, beste hizkera guztietan, -ke morfemak har ditzakeen moduzko balioak ahalerazkoa eta baldintzaren protasi irrealisarena dira.
De Rijkek (2008: 805) ere, Euskaltzaindiari jarraituz, (2) adibidean jasotako erabileraren berri ematen du eta geroaldi burutu sintetikokoak deitzen die forma hauei (jatorrizkoan“synthetic” perfect future tense, kakotxak egilearenak dira).