Kanonikoki, iraganaldiko baldintza irreala adierazi nahi denean, protasian (hau da, baldintza bera adierazten duen perpausaren atalean) baldintzako forma irreal burutuak erabiltzen dira. Hau da, (1) adibidean bezala, ba- partikularen ondotik aurkitzen dugun aditz laguntzailea forma irrealean (edo alegiazkoan) dago, eta aditz nagusia partizipio burutuaren bidez azaltzen da:
(1) | Eguraldi | ona | egin | (izan) | balu |
eguraldi | ona | egin | (izan) | ba.(3ABS).edun.(3ERG) |
Baina badira hainbat hizkera non egitura honetarako bestelako aditz laguntzaile bat erabiltzen den, hain zuzen, iraganaldiko forma erreala, (2) adibidean bezala. Aditz nagusia, bestalde, partizipio burutuaren bidez azaltzen da hemen ere:
(2) | Eguraldi | ona | egin | (izan) | bazuen |
eguraldi | ona | egin | (izan) | ba.(3ABS).edun.(3ERG).PST |
Hala, esan daiteke hizkera hauetan iraganaldiko baldintza irreala adierazteko, baldintza errealeko iraganaldiko forma erabiltzen dela egituraren protasian. Beraz, kasu hauetan, denbora morfologia, moduzko balioa (ere) adierazteko erabiltzen da.
Egitura hau hainbat euskalkitan eta, beraz, hainbat euskalkiren deskribapenetan lekukotzen da. Arretxek (1994) Basauriko euskaran lekukotzen du (1994: 236, Kotixau banendun bezalako adibideetan) eta lehenaldiko baldintza deitzen dio. Hualde, Elordieta eta Elordietak (1994: 118) ere joera honen berri ematen dute Lekeitioko euskararako, eredu orokorreko formarekin batera.
Halaber, Salaburu eta Lakarrek (2005: 177-178), Baztaneko hizkeretan, (2) bezalako egitura erabiltzen dela aipatzen du, nahiz hemen ere (1) bezalakoen ereduarekin tartekatzen den (2005: 178 konpondu izen bazinuen).
Gure datu-basean jasotako erantzunen arabera, (2) bezalako egitura, euskalki guztietan lekukotzen da. Mendebaleko hizkerei dagokienez, Loiu, Mungia, Lekeitio, Gernika, Artea, Bergara eta Elgoibarren lekukotu da aldaera hau. Erdialdeko hizkeren artean, Itsasondon zein Hernanin aurkitzen dugu. Nafarroako hizkeretan, Arizkunen, Goizuetan zein Orbaizetan jaso da. Nafar-lapurteraz Ziburun eta zuberotarrez Urdiñarben ere, egitura hon berri eman dute.
Aldi berean, badira eremu hauetako bakoitzean beste zenbait hizkera non ez den halako egitura lekukotu. Mendebalean, ezezko erantzuna eman dute Getxon zein Aramaion, erdialdeko hizkeretan, ez da jaso ez Beizaman ez Errenterian, Nafarroako hizkeren artean ez Arbizun ez Mezkiritzen ez da lekukotu eta nafar-lapurteraz Oragarren ezta ere.
Mapari begira somatzen den bezala, ez dirudi datu hauen banaketa inongo isoglosari dagokionik. Hala, ematen du haren banaketa geografikoa ez den beste faktoreren baten (edo gehiagoren) menpe egon daitekeela. Adibidez, izan daiteke hiztunen ezaugarrien araberakoa (adina, generoa etab.) edo erregistroaren araberakoa.
Erabilera honen berri ematen du EGLU II-k (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 375) baldintzazko aditzei buruzko atalean. Bertan adierazten denez, herri hizkeran zabaldua den egitura da hau, iraganeko alegiazko formaren ordez erabiltzen dena. Hala ere, iraganeko alegiazko formaren erabilera hobesten du.
Arretxe, Jon. 1994. Basauriko euskara. Basauri: Basauriko Udala.
Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]
Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.