Basque in Variation / Euskara Bariazioan (BiV) euskalkien arteko aldakortasuna erakusten duten ezaugarri morfosintaktikoen sareko datu-base bat da. Bertan, galdetegi bidez eskuratutako datuak jaso ditugu, zenbait hizkeratako ezaugarri morfosintaktiko sorta bati dagokionez. Datu-basean, bai/ez balioen arabera zehazten dira ezaugarri sintaktikoak, eta adibide argigarriak ematen zaizkio erabiltzaileari. Ezaugarrien balioak koloreen bidez adierazten dira mapetan. Datuemaileak, nagusiki baina ez nahitaez, euskalki jakin bateko jatorrizko hiztunak diren hizkuntza-adituak dira edo, bestela, hizkera batean adituak diren hizkuntzalariak. Datu-basea sarbide irekikoa da, eta, beraz, erabilera askekoa. Bi hizkuntzatan dago eskura, euskaraz eta ingelesez.
BiV datu-basearen lehenengo argitalpena 2016ko abenduan argitaratu zen. BiV Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) argitalpena da eta Eusko Jaurlaritzak (EJ/GV), Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak (MINECO) eta Europako Batzordeak (Brusela) babesten dute. Orain ikusgai duzuna lan horren hirugarren argitalpena da.
Nola erabili BiV
BiV-eko erabiltzailea zaren horrek eredu morfosintaktikoen inguruko informazioa bila dezakezu (i) ezaugarri linguistiko zehatz bati dagokionez, (ii) gako hitz bati dagokionez edo (iii) hizkera bati dagokionez. Goian ageri diren 'Ezaugarriak' edo 'Gako hitzak' atalean klikatuz eta ezaugarri morfosintaktiko zehatz bat aukeratuz hel zaitezke informaziora, edo, bestela, 'Hizkerak' atalean klikatuz eta hizkera bat hautatuz. Era batera zein bestera, ezaugarriaren deskribapena eta eskuratutako erantzunak azalduko zaizkizu.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus Erabiltzaileentzako jarraibideak.
Gorde erantzunak honela: csv | xls | xml.
Nola egin datu-basearen aipamena
Lan honen aipamena egiteko:
Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (ed.). 2022. Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.